ESZENA

Bilbaoeszena programaren “Artistak Egoitzan” programaren irabazleak

Bilboko Udalak, BilbaoEszenako Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, Artistak Egoitzan programaren XVIII. edizioan hautatutako hiru proiektuak jakinarazi ditu. Artistak egoitzan artista eta ikertzaileei baliabide ekonomikoak, baliabide teknikoak eta laguntza profesionala emanez, hirian sorkuntza eszenikoa sustatzea bilatzen duen Udalaren ekimen bat da.

Udaleko Kultura Arloko talde teknikoak osatutako batzorde batek, adituen aholkularitzarekin, jasotako 37 eskaeren artean hautatu ditu proiektuak. Sorkuntza sarituak dramaturgia eta dantza berrien barruan kokatzen diren proposamenak dira, eta oraindik garapen-fasean daude. Hauek izan dira: Sleepwalk Collectiveren Actos reflejos, Itziar Maneroren Festa bukatzean eta Angela Millanoren Orro.

Actos Reflejos 2021ean sortu zen ikerketa eszeniko bat da, objektuaren iraunkortasunaren kontzeptutik abiatuta. Proiektuak aztertzen du ikusmena pixkanaka galtzeak nola ireki ditzakeen pertzepzio, presentzia eta munduan orientazio modu berriak.

Itziar Maneroren Festa bukatzean proposamena Euskadin 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako mugimendu artistiko eta sozialak ikuspegi feministatik aztertzen dituen ikerketa da, antzerki dokumentala, soinu-collagea eta musika elektronikoa uztartuko dituen obra eszeniko bat garatzeko.

Ángela Millanoren Orro proiektua sorkuntza eszenikorako proposamen bat da, onomatopeien potentzial performatibo eta koreografikoari buruzkoa. Onomatopeiak eta horietatik eratorritako materialak eszenan erabiltzea planteatzen da, elementu fisiko eta koreografiko gisa, elementu linguistikoak gisa erabili beharrean.

Artistek urrira bitartean egingo dituzte egoitzak eta BilbaoEszenako espazio bat eta laguntza teknikoa izango dute beren proiektua garatu ahal izateko. Proposamenek 4.000 euroko laguntza jasoko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button