
Ekainaren 23tik irailaren 5era bitartean, Uda Giro jaialdiak zirkoa, antzerkia, musika, dantza, zinema, magia, bertsolaritza eta performancea aterako ditu Durangoko kaleetara.
San Agustín Kultur Guneak antolatutako kultur zikloak adin guztietako herritarrei zuzendutako hamahiru jarduera eskainiko ditu herriko parke, plaza eta gune publikoetan.
Zikloari hasiera ekainaren 23an emango zaio Otamotzena parkean, Zirko Txoskoren Oh-Pera! ikuskizunarekin. Umorea, antzerki bisuala eta zirku garaikidea uztartzen dituen proposamen honek irekiko du udako kultur programazioa. Ekainaren 29an, berriz, Tabira parkeak jardunaldi bikoitza hartuko du: alde batetik, Oier Jurado magoaren Delivery ikuskizuna; eta bestetik, Gorka Pagonabarraga, Nerea Ibarzabal, Irune Basagoiti eta Gorka Lazkano bertsolarien saioa.
Uztailean ere makina bat kontu: Beñat Achiaryk, Alaitz Murok eta Raúl García Etxeberriak inprobisaziozko performance bat; Txema Muñozen Gota ikuskizuna; Botxo Boogies taldearen kontzertua; Irati Bilbao musikari durangarrak Bloom bere lan berria aurkeztuko du; Kayara, Inka Gerraria animaziozko filmaren proiekzioa; Hortzmuga Antzerkiaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikuskizuna; eta Larrua Produkzioaken Sangre y Klorofila eta DAB Dantza Konpainiaren Kea piezekin.
Abuztuko programazioan zirkoa eta antzerkia izango dira nagusi, eta diogun moduan, irailaren 5ean emango zaio amaiera jaialdiari BarSanti konpainiaren Kodizia Late Night tragikomediarekin.
Informazio guztia: San Agustín Kultur Gunea



