ARTEA

Maitasunaren ideologiaz

Amaia Molinet artistak memoria historikoa, paisaia eta begirada ekofeminista aztertzen dituen La ideología del amor proiektua aurkeztu du Bilboko Rekalde Aretoan, Barriek 2026 programaren barruan. Barriek Programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da eta erakundearen arte plastiko eta bisualetako bekak lortu dituzten artista hautatuak biltzen ditu. Erakusketa irailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Artistak La ideología del amor erakusketan, hizkuntza eta material desberdinen bitartez gerraren aztarnei, paisaiari eta memoria kolektiboari buruzko hausnarketa proposatzen du. Berak azaltzen duenez, “2018an Bizkaiko Foru Aldundiaren arte-beka jaso nuen, eta 2026an bakarkako erakusketa hau egiten dut Rekalde Aretoan. La ideología del amor  proiektua 2022tik aurrera gauzatu zen eta inflexio-puntua izan da nire ibilbide artistikoan”.

Proposamenak XX. mendeko Europako eraikin enblematikoak hartzen ditu abiapuntutzat. Arkitektura hauek, “botere-posizioetatik eraikiak, paisaia eraldatzen dute eta paisaia horren esangura aldatzen dute, eta, aldi berean, ideologia eta narratiba historiko konplexuak proiektatzen dituzte”. Ikuspegi kritiko eta garaikide batetik Molinetek elementu hauek memoriaz eta esanahiz bete nahi izan ditu.
Beste aldetik, artistak ikuspegi ekofeminista jorratu du espazio horiek berriz interpretatu ahal izateko. Erakusketak ehungintza, zementu edo burdinez egindako esku-hartzeak biltzen ditu.

Amaia Molinet (1988) Arte Ederretan lizentziaduna da eta Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboan Masterra du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Beka eta aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu hainbat erakunderen eskutik, hala nola Guggenheim Bilbao Museoa, INJUVE – Kultura Ministerioa, BilbaoArte Fundazioa, Europa Sortzailea programa edo Goethe Institut. Europako, Amerikako eta Afrika iparraldeko egonaldi artistikoak egin ditu, eta bakarkako erakusketak Hosek Contemporary (Berlin) edo Azkuna Zentroa (Bilbo) bezalako espazioetan.

Datorren astean, maiatzaren 30ean, 18:00etan, Rekalde Aretoan topaketa egingo da Amaia Molinetekin La ideología del amor erakusketaren harira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button