
Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu du Sebastian Gartzia Trujillok Sasi arteko sugarrak poema liburua.
Balea Zuria argitaletxeko kideek lanaren nondik norakoak bidali dizkigute modu honetan: “Poema liburu hori pentsamenduaren poesia deitu izan den ildokoa da edo, bestela esanda, transzendentzia dauka helburutzat eta irakurlea hausnarketa bidean jartzen du. Liburuaren izenburuak iragartzen duen moduan sasia giro korapilatsu bezain misteriotsuari dagokio, eta sugarra, berriz, poeta honi barnetik sortzen zaizkion kezka eta minei, maitasun zein erotismoari eta baita moldatu duen euskal iruditeriari ere.
Gartzia Trujilloren ibilbide poetikoari dagokionean, gogoratu behar da 1994. urtean Egan aldizkarian zenbait poema argitaratu zituela, lehenengo poematzat edo zirriborrotzat har daitezkeenak eta non mendi zein itsas paisaiak eta emakumearenganako maitasuna eta erotismoa, bereziki zentzu kosmologikotik fokatuta, azaltzen baitziren. Poesia urteetan barruan eraman du, sarritan berarengan elkartuta doazen bizi esperientziak zein esperientzia erlijiosoak metatzen utzi ditu, harik eta Sasi arteko sugarrak poema liburu hau ondu duen arte”.
Sebastian Gartzia Trujillo (Lutxana-Barakaldo, 1944) Ekonomia Zientzietan lizentziatua eta Euskal Filologian doktorea, euskaltzain urgazle eta Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko kolaboratzailea da. 2006an Mikel Zarate saria irabazi zuen Herri maitea, Herri dorpea Bitoriano Gandiagari buruzko saioarekin (Euskaltzaindia/Bilbao Bizkaia Kutxa, 2017). Artikulu eta saio ugari argitaratu ditu ekonomia eta euskal literatura arloetan. Azken urteetan euskal literatoen erlijiositate-ezaugarriak ikertzen ari da: Hamaika euskal literato eta Jainkoa (EHU, 2016), Xalbador (IDTP, 2019), Lete (EHU, 2016 eta IDTP, 2022), Lauaxeta (EHU, 2022)…



