
Zinebik inaugurazio galarekin emango dio hasiera aurtengo edizioari, gaur, azaroak 10, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Ane Pikazak eta María Goiricelayak zuzendutako gala honetan, Frederick Wiseman eta Félix Linaresi Ohorezko Mikeldiak emango zaizkie. Ekitaldian izango dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, bai eta kultur erakundeetako beste ordezkari batzuk ere, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariarekin batera.
Azaroaren 17ra arte luzatuko da 65. edizioa. Gaur ere, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko diren zazpi film laburrak ikusiko dira Arriaga Antzokian, Ohorezko Mikeldia irabazi duten lehen bi irabazleei egingo dien omenaldiaren ondoren.
Film horien egileak honako hauek dituzue: Eneko Sagardoy, Isabel Herguera, David Pérez Sañudo, Joana Moya, Itziar Leemans, Bruno Carnide, Laida Lertxundi eta Ren Ebel, eta diogun moduan, Inaugurazio ekitaldiaren amaieran, Sail Ofizialean euskal film laburrak proiektatuko dira. Zuzendarien obra horiek ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta EITB Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira. Zazpi film horiek, azaroaren 16an, 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan proiektatuko dira berriro.
Gainera Sail Ofizialean, eta zazpi film laburrez gain, aurten Tamara García Iglesias zuzendari gipuzkoarraren Zarata euskal film luzea ere izango da Sail Ofizialean. Opera Prima ZIFF – ZINEBI First Film Luzeen Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko da, eta gero Golem Alhóndiga Zinemetan, hilaren 11n, ikusi ahalko da. Eta Sail Ofizialetik haratago, beste 26 film erakutsiko dira Bertoko Begiradak sailean.