
Bihar, urtarrilak 4, 19:00etatik aurrera, The Hill filma (Sidney Lumet, 1965) pantailaratuko da Tabakaleran, eta filmarekin batera, Elle Belga (Xixon) bikoteak zuzenean osatuko du pelikula horrentzako soinu banda.
Sidney Lumet zuzendariak arrakasta handia lortu zuen The Hill filmarekin eta bertan zabaldu zen mezu antimilitaristarekin, izan ere, pelikulan ez dago guda eszenarik eta akzio guztia kartzela militar klaustrofobiko batean gertatzen da. Bertako pertsonaiak ez dute zerikusirik estereotipo militarrekin. Filmeko aktoreak Sean Connery, Harry Andrews, Ian Bannen, Alfred Lynch, Ossie Davis, Roy Kinnear… izan ziren.
Cannes-eko zine-jaialdian Gidoi onenari ematen zaion saria lortu zuen eta argazki onenari ematen zaion Bafta saria ere bai.
The Hill soinu-banda gabe estreinatu zen. “Ez zegoen musikaren inguruko oharrik eszenetan, ezta solasaldietan ere… Akzioa gertatzen den kartela militarreko egunerokotasunak sortzen dituen soinuak baino ez”. Elle Belgak (Fany Alvarez eta Jose Luis Garcia) sortu du soinu-banda jatorrizko bertsioak berezkoak duen gordintasuna girotzeko.
Datorren astean, hilak 8, beste hitzordu bat egongo da zinema eta musikarekin. Respirar correr mirar filmari Mursegok jarriko dio soinua.