Siliziozko Ametsak. Artea, zientzia eta teknologia Europar Batasunean izango da, otsaila eta martxoan zehar eraikinaren beheko solairua ia osorik hartuko duen talde erakusketa. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak antolatzen du ekimen hau, Lehiakortasunari buruzko EBko Ministroen Kontseilu Informalarekin loturik, 2010ko Europako Presidentziaren programazioaren baitan. Erakusketa Tabakaleran izango da, otsailaren 9tik martxoaren 21era. Bertan, nazioarteko 10 artisten proiektuak aurkeztuko dira, guztiak teknologiaren aplikazioak eta garapen teknologikoa sorkuntza artistikoarekin uztartzea helburu dutenak.
Bestalde, hirugarren urtez jarraian, Biarrizko FIPA jaialdiak (Ikus-entzunezko Saioen Jaialdia) eta Clermont-Ferrandeko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ere lekua izango dute Tabakaleran. Urtarrilaren 30 eta 31ko asteburuan, Tabakalerako zine aretoan FIPA jaialdian aurkeztutako saioen hautaketa bat proiektatuko da. Aurten, Biarritzen FIPAren XXIII. edizioa urtarrilaren 26 eta 31 artean burutuko da. Jaialdi honek urtero telebistara zuzendutako ikus-entzunezko proposamen interesgarrienak batzen ditu eta ikus-entzunezko sorkuntzaren balantzea egiten du, askotariko saioak aurkeztuz.
Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren jaialdiak ere bere lekua izango du Tabakalerako programazioan. Aurreko bi urteetan bezalaxe, otsailaren 23 eta 27 artean, jaialdiko sail esperimentala bere osotasunean gozatzeko aukera izango da. Asteartetik larunbatera, 42 film labur esperimental emango dira, guztiak joan berri den urtean egindakoak eta jaialdiko Labo sailerako hautatuak izan direnak.
Azkenik, ANIMAC, Animaziozko Zine Independentearen Mostrak ere izango du tartea Tabakaleran. Iazko antzera, Tabakalerak haurrei eskainitako saioa antolatuko du. Martxoaren 6an, etxeko txikienei zuzendutako proiekzio saioa izango da, azken urteko animazio lanik onenekin.
2010 urte garrantzitsua izango da Tabakalerarentzat. Berrikuntza arkitektonikorako obren hasierarekin, behin betiko fase batean sartuko da proiektua, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatzeko bidean.
Baina obrak martxan jartzeko azken prestaketa lanak burutzen diren bitartean, ikusizko arteari eta kulturari lotutako jarduera eskaintza zabala egiten jarraituko du, hiritar guztien gozamenerako.
Tabakalerak bidalita



