
Urtero bezala, Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek, data hauetan, erakusketa kolektiboa egin dute Portalean. Taldeak izen handia hartu du azken urteotan eta erreferentzia bilakatu da, Euskal Herrian ez ezik, baita beste lurralde batzuetan ere, hein handi batean 2009. Urtean Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala eskuratu zutenetik.
Artista handiak daude taldean eta oso lan ederrak aurkezten dituzte urtero. Gaur egun 30 lagun biltzen dira astearte guztietan Klub Deportiboan, eta indibidualki erakusketak egitera ausartzen ez diren argazkilarientzat aukera paregabea izaten da kolektibo gisa urtero egiten duten hau. Kide bakoitzak bizpahiru lan aurkezteko tartea izango du abenduaren 9tik 30era bitartean Portalean.
Argazkilari batzuk aipatzearren: Jose Luis Martinez , Mikel Orozco, Bakarne Elejalde, Pedro Arriola, Jose Luis Irigoien, Alberto Luque, Jose Valderrey, Aitor Sarasketa, Federico Cuenca, Enrique Albistegi, Virginia Arakistain, etab.
Erakusketaz gain, aurten Mikel Orozko gazteak egindako argazki muntaia baten proiekzioa ere egongo da ikusgai.