
Castello hiriko Rafael Blasco pintoreak bere obra berriena paratu du Iruñeko San Anton galerian. Blascoren margolanetan sinesgarritasuna funtsezkoa da. Hala, bere natura hilek nortasunez gainezka agertzen dira argiaren eta objektuen garrantziaren ondorioz. Erakusketa martxoaren 6ra bitarte dago zabalik.
Errealismo bikaina erakusten dute koadroek, eta bisitariak ondo begiratuz gero, gertutik hainbat detaile eta ehundura antzematen dira. Blascoren natura hilak finak eta intimoak dira.
Blascoren lanak Espainiako makina bat aretotan ikusi ahal izan dira, eta nazioarteko hainbat jaialditan izan da, hala nola, Parisen edo Frankfurten. Horretaz gain, bere obra mundu osoko bilduma pribatuetan jaso da.



