
Durangoko Azokaren ateak irekitzeko egun bat baino falta ez denean, Elkar argitaletxeko azken nobedadeak etorri zaizkigu: John Anduezaren Danba! eleberria, Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobela eta Eskafandra Bilduma Feministaren ale berri bat: Silvia Federici-ren Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta jatorrizko metaketa.
John Anduezaren Danba! eleberriak thriller itxura du eta Bilbon garatuko den istorio iluna gordetzen du, noir kutsukoa: “Paula Badiola abokatua da. Bilbon bizi da, alabarekin, garai modernoek inposatutako erritmo eroa ahal duen moduan dantzatuz. Neurri batean zoriontsu dabil, begiratzen jakinez gero Bilbok baduelako bere xarma. Guggenheim efektua ote?. Dena den, hiriburu erraldoiak badauka bere alde ilun eta biolentoa. Emakume baten gorpu hila azaldu da Zugaztietako ur-putzuan. Eta gorpu hori iceberg makabro baten ageriko muturra besterik ez da”.
Joxean Agirreren Goldsmithen ikaslea nobelak, berriz, hauxe kontatzen du: “Emazteak ez du uste eleberri bat idaztea gauza oso zaila izan behar duenik, berari bata bestearen atzetik bururatzen baitzaizkio tramak, eta idazten ez baditu, horretara jartzen ez delako omen da. Horregatik beharbada, ez du inondik ere ulertzen zertarako behar dudan New Yorken bizi den irakasle baten laguntza. “Zergatik ez duzu nobela normal bat idazten?”, kexatzen da tarteka egiten ari naizenaren berri ematen badiot. Argitaratu ondoren, noski, ez ditu irakurtzen. “Zertarako? Hiru urtean agoantatu dut matraka hori eta buruz dakit”, erantzun ohi du norbaitek galdetzen badio”.
Azkenik, Eskafandra Bilduma Feministaren ale berriaren harira, Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta jatorrizko metaketa, hauxe idatzi du Silvia Federici idazleak berak euskarazko ediziorako propio idatzitako hitzaurrean: “Saiakera hau, hiru mendetan zehar Europako milaka emakume, Euskal Herrikoak barne, jainkoaren etsai eta deabruaren zerbitzaritzat jota zergatik markatu eta exekutatu zituzten kontatzera dator”.