IKUS-ENTZUN

“918 Gau” filma gaur Bilbon ikusgai

Arantza Santesteban zuzendariaren 918 Gau filma gaur, otsailak 7, Bilboko Golem Alhondigan ikusi ahalko da. Zuzendariak eta Aitor Gametxo zinegileak aurkezpena eta solasaldia egingo dute.

Lanaren korapiloa hauxe duzue: 2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu zuten. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… 918 gau giltzapetuta eman eta gero, Arantza aske geratu zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko ditu, memoria zatikatu baten eran.

Filma estreinatu zenetik, hainbat jaialditan ibili da eta nazioarteko sari garrantzitsuak jaso ditu, tartean, DocLisboako Nazioarteko Film Onena; Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onena; Pontevedrako Zinema Berrien Latexoen Saria, edo 2022ko Punto de Vista jaialdian publikoaren eta epaimahaiaren sari bereziak.

Arantza Santesteban, Euskal Herriko Unibertsitatean Historian lizentziaduna da, Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan Sortze Dokumentaleko diplomaturarekin eta Carmen Ávalos, Víctor Erice eta Patricio Guzmanekin ikastaroak eginez osatu du bere prestakuntza. 2019az geroztik, doktoregoa prestatzen ari da Lisboako Arte Ederren Unibertsitatean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinemagintzaren irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa batekin. Iruñeko Hiriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile gisa lan egin du, eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile gisa. Bere lan batzuk honako hauek dira: Liluraren Kontra (2021), Euritan (2017); Passatgeres (2012), eta Gorputz grafiak (2015).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button