MUSIKA

Sister Cookie, The Beat From Palookaville eta King Salami & The Cumberland Three, Beltza Weekend jaialdian

Erritmo beltz zaharren inguruan ardazten den Iruñeko Beltza Weekend jaialdiaren bigarren edizioa urriaren 4, 5 eta 6an egingo da. Antolatzaileek jaialdian joko duten lehenengo artisten izenak iragarri dituzte: Sister Cookie, The Beat From Palookaville eta King Salami & The Cumberland Three. Behin betiko kartela beste hiru talderekin osatuko da.

Horrekin batera, jakinarazi dute kultur egitarau paraleloa iazko baino oparoagoa izango dela. “Beti bezala, disko jartzaile espezializatu bikainak ekarriko ditugu. Emanaldi nagusiak Zentral aretoan izanen dira, eta disko jartzaileen saioak eta festak ostegun, ostiral eta larunbateko arratsalde eta gauetan eginen dira, hiriko hainbat lekutan”.

Taldeen harira, Sister Cookiek Londres garatu du bere musika-ibilbidea. Txikitatik aritu da bere ahotsa lantzen eta pianoa jotzen. 2012 urteaz geroztik, buru-belarri ari da musikan eta hainbat bira egin ditu Europan barrena zenbait taldek lagunduta: Ray Collins Hot Club, Mambo Jambo eta Soulful Orchestra, besteak beste. “Orain arte, hainbat EP argitaratu ditu eta lehendabiziko LPa prestatzen ari da Londreseko musikari onenetako batzuekin osatutako bere ohiko bandak lagunduta”.

The Beat From Palookavile, bestalde, Stockholm hirian eratutako banda da. Hainbat musikarik osatutako taldea da, eta rock’n’roll zein ska sustraidun doinuak lantzen ditu. “Palookaviletarrek gustu handia daukate bertsioak aukeratzeko tenorean; esaterako, Mike Pedicinen Burnt Toast And Black Coffee entzun dezakegu beren azken diskoan, edota It’s Your Voodoo Working R&B munstroa. Baina gai dira, modu berean, The White Stripes-en Seven Nation Army”.

Azkenik, King Salami & The Cumberland Three azken hamarkadetan Europan sortutako rhthym and blues talde bizia da. “Salamiaren erregeak kantu eta dantzan oinarritutako garagardo eta doinu bakanal batera eramanen gaitu, eta ezingo dugu ihes egin, festa honetan Screamin’ Jay Hawkins-en gisako Rhythm’n’Blues eroa eta Bo Diddley edo Andre Williams-en erritmo basatiak nahastuko baitira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button