ARTEA

Nola eszenaratu pinturarekiko gatazka pinturaren bidez

2019an BilbaoArten egoiliarra izandako Damaris Pan artistaren Cuernos a la vista / Adarrak bistara erakusketa ikusgai jarri zuen zentro horrek duela egun batzuk. Orain, itxita dago espazioa, baina halarik ere obraren gaineko  katalogoa, argazkiak,  eta hainbat bideo ere ikus daitezke bertan.

Artistak berak honakoa hausnarketa egin du lanaren nondik norakoak azaltzeko orduan: “Nola traizionatu dezake norbere buruak norbere buruaren legea, nork bere burua iraunarazteko duen ohituraren kontra? Ni-aren fikzioari egindako traizio boluntarioa. Ustez norbera den eta egia emantzat duen hori traizionatzea. Simulakro eraitsia. Norbera zori hutsez den hori modu aktiboagoan agerrarazten ahalegintzea. Nola traizionatu Maitasun Ona? Norbere ofizioaren bilaketan, alibi kontzeptualen gainetik, pentsatzen dut nork bere buruari galdetzen diola ea zer ote den pertsona izatea, eta ea nola ote den norbera pertsona, eta, beraz, ea zer ote den artista izatea, eta ea nola ote den norbera artista.
Nire kasuan, galdera da ea nola eszenaratzen den pinturarekiko gatazka pinturaren bidez. Gaur eta orain, gatazka betean Izatearekin eta pintatutako gauzen izatearekin, eta Formarekin, Kolorearekin, Espazioarekin eta arau eta balio kulturalekin, garaikidea izateko eskakizunarekin eta gatazka Desioarekin. Begirada bakuna galtzen den momentutik, begiratu eta gatazka hori enkoadratzeko aukera besterik ez da gelditzen. Eta begirada inozo hura zer ote zen pentsatzea.
Adarrak bistara, zeruertzean lurra deskubritzen duen ahots bat, ulertuz edertasuna beti berritzen dela baldintza berri baten aurrean, intentsitate arraro batean, agerpen etenean, eta ez espero den lekuan.”

Damaris Pan artista eta irakaslea da EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Desbideratzearen eta anomaliaren inguruko doktore-tesia defendatu zuen 2014an, lo Bueno, lo Bello, lo Berdadero izenburupean. Hainbat egonaldi egin ditu atzerrian: Berlingo Kunsthochschule Weissensee-n, New Yorkeko Art Omi egoitzan eta Txinako Sichuan Fine Arts Unibertsitatean. Bere azken erakusketen artean daude, besteak beste, Qué morena estás (2017) bakarkako erakusketa Rekalde Aretoan, eta Bi Dos Two erakusketa kolektiboa Azkuna Zentroan (2018).

Argazkiak eta bideoak ikusteko modua izango duzue, hemen klik eginez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button