ARTEA

Erika Barahona argazkilariaren identitate uneak

Erika Barahona argazkilari bilbotarrak erakusketa paratu du BilbaoArten uztailaren 15era bitarte. Erakusketak bere aitona letoniarraren argazki bilduman du ardatz. Izan ere, aitonaren argazkiak eskuratu zituen kasualitatez Barahonak eta hortik abiatuta, bere arbasoek ikusi eta bizitako leku horiek bisitatuta argazkiak egin zituen. Argazkilariak World Heritage Photo Competition (1998) eta Emakume Argazkilarientzako Europako Saria (2000 eta 2002) jaso ditu.

Hala, erakusketan Letoniako hiri txikietan eginiko formatu handiko argazkiak biltzen dira. Horretaz gainera, Bizkaian eginiko irudiak ere jasotzen dira argazkilari bilbotarraren aitonak Letonia utzi eta Kantauri aldera etorri baitzen. Hala, denboraren bi momentu ezberdinetan eginiko leku berdinetako argazkiak ikusten dira, XX. eta XXI. mendeetan eginikoak, toki eta une beraren errepikapena denbora-lerroaren bi puntu ezberdinetan.

Erakusketa Nah und Fern (Identitate uneak) izenburuarekin aurkeztu du Barahonak. Izan ere, irudiok autorearen paisaia pribatua edo bidaia sentimentala osatzen dute, alegia, memoria pertsonalaren, familiarraren eta kolektiboaren arteko talka. Bilaketa lana ere bada, baita argazkilariaren iraganarekin izandako solasaldi bisuala.

Erakusketarekin loturiko xehetasun guztiak www.bilbaoarte.org webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button