ARTEA

“Jean-Michel Basquiat: Bada garaia”

Ni naiz Jean Michel Basquiat
artista beltza, gorriak pasatakoa
beltzek eta zuriek baztertua
gustu orokorraren begietan
eta kantari blonden ipurtzuloetan
hatza sartzen zuena
bere etxeko ateetan eta errezeletan margotzen zuena
hil zenean bere hozkailu margotua
lagunek merkezurrean saltzeko lapurtu ziotena
hil zenean hirugarren abenidako
tailer mekaniko bateko berrehun kiloko atea
lapurtu ziotena
bertan bere graffiti bat zegoelako.

Ni naiz Jean Michel Basquiat
lientzoen gainean kafea hartu, bazkaldu,
haserretu, poztu, desesperatu eta uzten ziotenean
lo egiten zuena
lientzoetan bere neskalagunen telefonoak apuntatu
eta haiekin haserretzean ezabatu egiten zituena
gauzak ongi nabarmentzeko eta
jendeak haiei kasu egiteko
marraztutakoak oro ezabatzea baita biderik onena
eta bakarra.
Ni naiz Basquiat,
Warholekin boxeoan aritu eta irabazi egin ziona.
Ni naiz.
New Yorkeko downtowneko
neska zuri progre usteko guztiekin larrua jo zuena
bi astetan eta hamar segundotan
margotutako koadroak prezio berean saltzen zituena
hamar segundo horietako eskumuturraren dardaran
bizitza guztia zegoelako.

Ni naiz Basquiat
haur problematikoa
topera bizi nahi zuen rasta ileko gazte
xalo
merkatuak irentsia
maitagarria
jasangaitza
sakona
azalekoa
naturala
artifiziala
zuk nahi duzuna, jada hilik nagoenez gero.
Ni naiz hori
dirurik ez zeukanean edo
bere gameluak huts egiten zionean
Washington Squaren lo egiten zuena
bi telebista eta bi gramola
topera jarrita pintatzen zuena
lapurra
bilaua
aingerua
errege koroatua
frakasoaren ama eta amama
arrakastaren semea eta bilo rasta bis biloba
begien hondoan
haur bozatu baten tristura bistakoa zuena
nola ez hogeita zazpi urterekin gaindosiaz hil zena
lurpetik besoa atera nahi duena
hilarriari bere gustuko azken zertzelada margotu
azken telefono zenbakia apuntatu
eta ezabatzeko
ezgauza
Brooklyngo hilerri honetan
eta bere koadro bakoitzean
datzana.

Ni naiz Basquiat.

 

Bilboko Guggenheim Museoan Jean-Michel Basquiat: Bada garaia izeneko erakusketa bisitatu ahalko da azaroaren 1era bitartean.

Harkaitz Canoren poeman argi geratu da nor zen Basquiat, halarik ere, Guggenheim museoko webgunean honako datuak gehitu dituzte: “Jean-Michel Basquiat (1960-1988) 1980ko hamarkadako artista iraultzaileenetako bat izan zen. Brooklynen, New Yorken, jaio eta hazi zen, eta txikitatik nabarmena izan zen adimen-gaitasun eta arterako trebetasun handia zuela, zeina amak sustatu zuen. Basquiaten izena handitzen joan zen Ipar Amerikan eta Europan erakusketak egiten zituen heinean, eta, denbora gutxian, artista emankor eta kultura arloko pertsonaia ezagun bihurtu zen. Inor etxera edo estudiora bisitatzera joaten zitzaionean, inguruko ideiak baliatzen zituen inspiraziotzat: gonbidatuekin hitz egin, musika entzun zein telebista ikusi bitartean margotzen zuen. “

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button