ARTEA

Miguel Angel Gaüecaren azken artelanak Artiumen

Erakusketa hainbat ataletan banatzen da. Hala, Objects & Things (2004-2009) seriearen abiapuntua Artearen Historiako genero bat da, izadi hila edo natura hila, tradizioz arrakastaren eta ondasun materialen iheskortasunarekin loturik egon dena. Horrelako irudiak gaur egun -gizarte hiperkapitalista baten esparruan- berrirakurtzeak objektuaren, honen sinbologiaren eta dekoratibismoaren inguruan era bateko eta besteko gogoetak egitera darama.

Kidology-k (2007-2009) lotura bat egiten du haurtzaroaren inguruko inkontziente kolektibo bat eratzearen eta gure helduaroko bizitzaren eraikuntzan honek duen eraginaren inguruan gatazkak sortzearen artean. Lan honek, bestalde, haurtzaroko desiraren mekanikaren eta errealitatearekiko sortzen diren gatazken deseraikuntza planteatzen du.

The Gaüeca Portrait Gallery-k (2003-2009) erretratua berrikustea planteatzen du, aldi berean artistaren eta honen inguruko pertsonen arteko harremanen esparrua eskainiz. Serie hau, egilearen beste lan batzuekin batera, arte garaikidea zabaldu eta saltzeko bideei buruzko ikerketa da, gainera, eta doan banatzen den argitalpen baten atal finko gisa aurkezten da.

Autorretratua da Me, Myself And I (2001-2004) seriearen haria, egilearen logo/marka ideiarekin loturik. Irudi bakoitzak artistaren irudiarekin zerikusia duten topikoak eta errealitateak aurkezten ditu. Nortasun zatikatu eta kontsumogai gisa aurkezten den baten inguruko gogoeta da, modu ironikoan norbanako garaikidearen eraikuntza aztertzen duena.

Azkenik, Mirarien ganbera edota Bitxikerien kabinete ere esaten zaion Wunderkammer baten tankerako gela batean sartuko da bisitaria. Ganbera horiek Berpizkunde garaian sortu ziren, deskubrimenduetan aurkitutako objektuak gordetzeko eta mundua ulertzeko tresna gisa. Bertan objektu eta eskultura saila (2002-2009) dago ikusgai, askotan argazkietan ateratzeko eginak, eta trofeoen unibertsoari eta aurreko serieetan erabilitako errealitate batzuen eta besteen erregistroari dagozkio.

Artiumek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button