ARTEA

Leioan “Zure gorputzaren agerpenak liluratua” erakusketa bidean da

Helena Goñi, Daniel Llaría eta Izaro Ieregi artistek osaturiko Bosteko erakusketa ibiltariaren hogeita laugarren edizioa Leioaraino heldu da, eta bertan izango da ikusgai urtarrilaren 8ra arte.

Bosteko erakusketa ibiltariak “artearen berri eman nahi du, jendeak, oro har, eskuragarri izan dezan, garrantzi berezia duten praktika artistiko garaikideak ikusgai jarriz dagoeneko ospe handia duten artisten lanen erakusketaren bidez.”

Helena Goñi artistak “beste batzuen eskutik bere eguneroko pertsonala sortzen du. Bere itxaropenak zein porrotak eta bere belaunaldiko desioak zein desengainuak ateratako argazkien bidez uztartzen dira”. 2013. urtean graduatu zen Arte Ederretan (EHU). Duela gutxi New Yorken bere ikasketak luzatzeko Fullbright beka jaso du. 2016an Ertibil deialdiko hirugarren saria eskuratu zuen, eta 2020an, berriz, lehen saria.

Daniel Llariak bere eskultura zein bideotan “begiradaren politika, ikustea eta ikustaraztearen sistema, klase borrokaren ikuspuntutik jorratzen da.” 2009. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU) eta Fullbright beka bati esker Parsons-The New Schoolen (New York) egin zituen masterreko ikasketak. 2018an eta 2020an, Ertibil deialdiko hirugarren saria jaso zuen.

Izaro Ieregi artistaren piezak “gorputzaren osagarri batetik eskulturara igarotzen diren objektuak eraikitzeko ideiatik sortu dira. Gorputzetik objektura eta kontrako noranzkoan igarotzearekin temati saiatuz eta uneoro eskultura baten eraiketaren ariketan pentsatuz, gorputz ariketa bat balitz bezala.” 2010. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU). Bere ikasketak luzatu zituen JAIn (Jardun Artistikoen Institutua) eta gaur egun DAI programan dago (Dutch Art Institute). 2018an Ertibil deialdiko bigarren saria eskuratu zuen, eta 2019an, berriz, hirugarrena.

Arrigorriagako Udalak, Basauriko Udal Kultur Etxeak, Getxoko Kultur Etxeak, Leioako Udalak-Kultur Leioak eta Ametx Erakunde Autonomoak antolatutako erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button