ARTEA

Idoia Vidaror artistaren eskultura, Ispilu Arte galerian

Arte Ederretako ikasle den Idoia Vidaror-en eskultura bat paratu dute Zarauzko Ispilu Arte gunean. Izan ere, galeria horrek gazte sortzaileei tokia egiteko proiektua abiatu berri du.

Fakultateko lan batean du bere jatorria eskulturak. Ikasleek testu bat, objektu bat eta irudi bat uztartu behar zuten diziplina anitzeko ariketa gauzatzeko xedearekin. Hala, Idoiak eskultura eta arkitektura biltzen zituen obra eskultorikoa garatu zuen. Artistaren hitzetan, “nire lanean irudikatu nahi izan dudana baserriaren estruktura, zuhaitz genealogikoa, koloma, etab. da. Modu honetan, eskultura, arkitekturaren eremuan sartzen da baina eskulturaren izaera mantenduz”.

Hala, egur zatiekin hasi eta estruktura handi bat egin zuen: “Egur hauek baserriaren estruktura zentrala berritzeko obratik zetozen eta jada istorio bat kontatzen zuten, forma erakargarriak zituzten, moztuak zeuden, edo motozerraren mozketaren bat zuten”.

Lan hori baina, eraldatu egin da Ispilu Arten erakusteko proposamena jaso zuenean: “Nire lanak hainbat bide hartu ditu prozesu honetan zehar. Eskultura egiten nindoan heinean bozetoen laguntzaz itxura aldaketak izan ditu edota zoriz elkarrizketa berriak ireki dira beste diziplinen artean. Ondorioz, eskulturak lekuaren eta kokapenaren  ezaugarriak dira eta itxura hau edo bestea hartu du”.

>

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button