ARTEA

“Expodistrito”, pintura eta argazki erakusketak

Bilboko Expodistrito programak zortzi erakusketa bilduko ditu 2014ko urtarrilaren hasierara arte. Horietatik bost pintura erakusketak izango dira, eta beste hiru argazkigintzari dagozkionak. Guztiak Bizkaiko hiriburuko Udaltegietan izango dira ikusgai.

Bost erakusketa horiek Vicky Rodriguez Zafra, Sergio Saez, Iñaki Campo, Julia Morquecho eta Esther Saez, eta Francesc Xavier Gurrera artistenak izango dira. Argazkigintzaren esparruan, Raquel Pérez Miranda, Antonio Aiz eta Gonzalo Iribarnegaray argazkilarien lanekin osatutako erakusketak izango dira.

Atzo bertan, irailak 2, inauguratu ziren Expodistritoren baitan dauden bost erakusketa: Vicky Rodríguez Zafra pintorearena San Inazioko Udaltegian; Gonzalo Iribarnegaray argazkilariarena Castañoseko Udaltegian; Sergio Saez pintorearena Begoñako Udaltegian; Iñaki Campo Aranzabal margolariarena San Frantziskoko Udaltegian; eta azkenik, Raquel Perez Miranda eta Antonio Aiz argazkilariena Barrainkuako Udaltegian.

Erakusketa horietan ikusgai izango diren lanen harira, Zafra pintoreak fintasun handiko atmosferak pintatzen ditu bere obretan; Sergio Saezek R.M. Rilke poetaren Orfeo lanaren sonetoetan oinarritutako margolanak aurkeztu ditu; Iñaki Campo Aranzabalen koadroak koloretsuak eta abstraktuak dira; Julia Morquecho eta Esther Saez artisten erakusketan paisaia eta erretratua uztartu dira; eta Francesc Xavier Gurrerak estilo espresionista lantzen du.

Argazkilariei dagokienez, Raquel Perez Mirandak gauza txikiak jasotzen ditu bere argazkietan; Antonio Aiz Salazarren irudietan, berriz, hiria da nagusi. Amaitzeko, Gonzalo Iribarnegarayk hainbat bidaietan eginiko argazkiekin ondutako Tierra izenburuko erakusketa aurkeztuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button