EZLEKUBAT

Shisha Pangma: “Egiten dugunaz harro egotea da gure helburua”

Bilboko Shisha Pangma taldeak Orquidea izeneko lan berria plazaratuko du aurki. Grabazio horretako kantuak joan den astean aurkeztu zituen Uzzhuaïa banda espainiar ezagunarekin batera Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuan. Rekalde auzoko koadrilak bere ohiko estiloa jorratzen jarraitzen du lan berri honetan, alegia, heavy metal klasikotik gertu dauden rock doinu gogorrak. Laster 40 urte beteko dituzten musikari hauek lokalean ondo pasatzea dute xede, baina batez ere, egiten dutenaz harro egotea, “ez gara inoiz anbizio handiko taldea”, gaineratu du Jose Vilabrille gitarra jotzaileak.

43 15 02 N zuen azken lana 2007 argitaratu zenuten. Ordutik hori urte igaro dira, zer egin duzue tarte horretan?
Gehienbat egin duguna izan da 43 15 02 N zuzenean jo eta ideiak bildu kantuak egiteko grabazio berriari begira. Talde geldoa gara, gure barruko prozesuak burokrazia kubatarraren antza du, gainera, familia-ardurak ditugu, benetako bizitzak portzentaje handia hartzen du, beraz, kasik ez dago tarterik rockarentzat.

Orain Orquidea lanarekin itzuli zarete. Pozik zaudete azken emaitzarekin? Taldearentzat bultzada izan daitekeela uste duzue?
Emaitzari begira, taldeak bere mailarekin lortu zezakeen lanik onena da soinuari dagokionez. Xanperekin (PILT) grabatu dugu bere estudioan eta soinua itzela da. Aurrekoarekin baino denbora gehiago eman dugu estudioan. Horri esker, tarte gehiago izan dugu konponketak egiteko eta guztia perfektu uzteko. Kantuen kalitateari dagokionez, kantu onenak ditu, hala ere, hobeagoak izan zitezkeen. Horretan soilik jardungo bagenu 11 single izango genituzkeen, baina ez da hori gure kasua.
Aipatzen duzu bultzadaren harira, ez dakit, zertarako behar dugu? Nora iristeko? Jada gertuago gaude 40 urteetatik 30etatik baino, eta gure helburua noizbehinka jotzea da, ondo pasatzea lokalean, eta bereziki, egiten dugunaz harro egotea. Disko bat Abbey Road estudioetan grabatzea edo Desmond Child-ek konposatua izatea ez da ezer ez bada ezagutarazten, eta hori da erronka tokiko taldeekin: zure produktua argitaratzea eta banaketa ona izatea, eta horretan gaude, baina badiotsut, ez gara inoiz anbizio handiko taldea.

Lan asko egin duzue lokalean estudioan sartu baino lehen? Estudioan tarterik utzi duzue gauza berriak sortzeko?
Lokaleko korridoreko baldosek agur egiten digute pasatzerakoan, bera, bai, ondo pentsaturiko lana da, estudioan inprobisazioak gutxieneko tokia izan dezan. Aurremaketa grabatu genuen. Bertan diskoaren oinarriak finkatu genituen, horrek lana erraztu zigun. Estudioan egin genuen gauza berri bakarra zenbait koru eta sintetizadore batzuk izan ziren, azken horiek One Direction Drive-ko Rafari enkargatu genizkion.

Oraingoan soinu-teknikaria aldatu duzue, Zergatik?

Bai, besteen aipamenenak izan ditugu kontuan. Xanperen estudioa bizi garen tokitik gertu dago, ondo zetorkigun aurrekontuari dagokionez, eta gertuko taldeen aipamenak oso onak ziren. Aurrekoa Rubenekin (Zea Mays) grabatu genuen gure lokalean, emaitza ona lortuz ere, baina uste genuen Xanperen estudioan hobe genezakeela eta horrela izan da.

Zuen betiko estiloarekin jarraitzen duzue? Gaztelaniaz abesturiko hard rocka?

Bai, gehien gustatzen zaigun estiloa da, eta denok gatoz bat horretan. Agian denboraren poderioz erlaxatu egin gara, eta adinaren ondorioz amore eman dugu eta Eva tempo ertaina sartu dugu edo gitarra akustikoekin egindako Orquídea I instrumentala grabatu, baina argi dugu zer garen eta zer egiten dugun, horiek dira gure identitatearen ezaugarriak. Eta gaztelaniaz abesten dugu hizkuntza horretan hitz egiten baitugu.

Nolako harreman daukazue diskoetxeekin? Nola argitaratu duzue lan berri hau?
Horretan gaude, alegia, diskoetxe bat lotu nahian, egoera etsigarria izan daitekeen arren. Gauzatu ezean berri autoekoitziko dugu, autoekoizpenaren arazoa zure produktuaren banaketan badago ere. Egun ez dago interes handirik zigiluen aldetik. Haien egoera oso txarra da, egun kasik ez da diskorik saltzen, eta zaila da inbertsio bat estaltzea gutxienekoa bada ere. Hortaz, haietariko askok taldearekin partekatzen dituzte gastuak edo kostuen %100 taldearen gain utzi, ekoizpen edo banaketa gastuak barne. Horren truke taldeak haien kabuz eskuratuko ez lukeen merkatura iristen dira.

Hitzei dagokienez, ematen du asko lantzen dituzuela. Talde askok esfortzu handiena soinuan jartzen dute. Zergatik egin duzue ahalegin hori letretan? Zeintzuk dira zuen inspirazio iturriak?
Gaztelaniaz abesteak jarrera konprometitua hartzea dakar, sasi arte handian sartzea, gainera, inoren lotsaren zentzu oso handia daukagu. Hitzen kontua asko zaintzen saiatzen gara, baina konplikatua da oreka lortzea, barregarri geratzearen, mila aldiz jorratu den gaiaren, rockaren tipikoen, edertasunaren, poesiaren eta abarren artean. Disko honetan epikatik baino lirikatik egin dugu tira, idazten duenaren iragazkitik igaro diren iraganeko esperientzietan oinarrituriko hitzak dira, Atxagak esaten zuenez: “nik ikusten dudan bizitza”. Ez dugu batailarik kontatzen, hori bai, dragoi hegalari batek mehatxu egiten digunean eta haren zortzi bihotzetatik bat gure espatarekin zeharkatzen badugu, kontatu egingo dugu.

Estiloari eta antzeko taldeen harira, zein euskal talderekin identifikatzen zarete?
Galdera zaila. Uste dut soinuaren aldetik ez garela inorekin identifikatzen, ez dut euskal talde askorik ezagutzen hard rocka gaztelaniaz egiten dutenik, ez diot ez daudenik, ez ditut ezagutzen. Neubat edo Sharon Stoner talde euskaldunekin agertokia partekatu dugu eta haiekin identifika gaitezke. Jarrera dela eta, agian Positiva edo Rhino-rekin.

Bilboko Rekalde auzoan bizi zarete, eta bertan soinu gogorren inguruan mugimendu nabarmena dago. Zer da zehazki gertatzen dena?
Batez ere Jebi-jaia egiten genuen. Gazteagoak eta arduragabeagoak ginenean antolatzen genuen. Heavy metal estiloarekin loturiko jarduerekin osaturiko jardunaldia zen. Bere garaian rock eta metal arloetako bertsioekin egindako diskoa ere argitaratu genuen.
Tradizionalki auzoek soinu gogorrenak barneratu dituzte modu naturalean adierazpide gisa, atsekabea adierazteko. Logikoa da, amorrua bideratzeko modurik nabarmenena da, eta zentzu horretan Rekalde ez da salbuespena izan. Gure kasuan, gainera, antolatu egin gara.
Gai honi dagokionez ez dut etorkizun handirik ikusten lehenengo galderak azaldu dizkizudan arrazoiak tarteko. Egia esan, festa hori antolatzea saltsa handia zen.

Zuzenean toki handiak ala txikiak nahiago dituzue? Zergatik?

Gureak antzeko taldeetan ohikoena toki txikietan jotzea da: gatetxeak, tabernak… Noizbehinka kontzertu handiagoak eta areto duinagoetan, -alde teknikoaren aldetik behintzat-, ateratzen dira. Nabarmen da askoz ere erosoago zaudela eszenatoki handietan jotzen, kasik mugitu ezin eta zure taldekidea fisikoki zauritu dezakezun horietan baino. Argi dago baina, jendearengandik gertu jotzeak bere xarma duela.
Kanpoan jotzeari dagokionez, izan ditugu batzuk, tartean, Madril, Asturias eta Kantabria, baina jada zaila bada zure lurraldean jotzea, non gutxi gora behera ezaguna izatea lortu duzun, irudika ezazu kanpoan… Lehen jorratu dugun banaketaren kontu bera da, gainera, kanpoan jotzea sarraski ekonomiko handia izan daiteke.

Amaitzeko, eta taldearen izenaren harira. Mendizaleak zarete?

Hiritartzat dugu geure burua, baina mendizaletasun gisa hartzen baduzu noizbehinka Pagasarrira igotzea…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button