ARTEA

Amatasunaren alderdi ezkutuak

Azukrearen garratza erakusketak amatasunaren alderdi ezkutuak bistaratu nahi ditu, hots, garratzenak eta gutxitan aipatzen direnak. Gaur, hilak 9 inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan eta azaroaren 28ra arte egongo da Bilboko Biran ikusgai.
Guztira 12 argazki, zuri/beltzean, batzuetan irudi gogorrak begien aurrean. Egilea Iñaki Mendizabal Elordi da.

Iñaki Mendizabalek bestelako erakusketa batzuk ere paratu ditu honen aurretik, guztiak ikuspuntu berezi batetik hartuta. Adibidez, Box (boxeolarien argazkiak); Arkitesturak (geografia urbano bateko ikuspegia); Pusketak (fotograma moduko argazkiak) eta Zain (zain egotearen usadioa).

Jose Javier Ganboa adituak errelatoen harrapatzailea deitzen dio Iñaki Mendizabali. Izan ere, badira pelikula bat kontatzeko orduak behar dituztenak; Iñakiri nahikoa zaio argazki bat; errelatoak kontatzen ditu instantanea batekin. Inork ez du bizitza izoztu bat topatuko, ez eta denboran geldirik dauden istorio zatiak ere. Kontrakoa baizik. Bere kameratik, ikusleak asmatu egin behar dituen narrazio osoak sortzen dira. (…)

Esaten da argazkilariek begietan daramatela argazki-makina; dena lente horietatik ikusten dutela. Mendizabal ez da, hortaz, argazkilari bat, Nikon batekin adierazpenak egiten dituen aztarnaria baizik. Bere argazkiak ez dira inoiz geldirik egoten, koadraturik dauden arren. Garatzen dira. Irudi original bat harrapatu duela uste denean, narrazio bat harrapatu du.

Iñaki Mendizabal Elordik (Berriatua, 1968) Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Kultur Etxean (2013), Durangoko Arte eta Historia Museoan, Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean (2014) egin ditu erakusketak, besteak beste.

“Nik ulertzen dudan moduan, argazkilaritza iraultzailea da, eskatzen baitu patxada, gauzak ondo pentsatzea, ondo-ondo begiratzea, berriz hausnartzea, berriz begiratzea, kritikoa izatea zeure buruarekin eta inguratzen zaituenarekin, errealitatea behin eta berriz zalantzan jartzea… Eta horrek kontziente egiten zaitu, zure ingurua arakatzen duzu, aztertzen duzu, birplanteatzen duzu une oro. Hau da, gure gaur egungo azaleko gizarte honen joera nagusien kontra doa. Badago gauza iraultzaileagorik? Bai, emakumezkoa, feminista eta euskalduna izatea. Baina tira, horri argazkilariarena gehitzen badiozu, tumatxa!”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button