ESZENA

“Zirkualde” zirku jaialdia asteburu honetan, Bilbon

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Zirkualde Zirku Jaialdiaren X. edizioa jasoko du Bilboko Errekalde auzoak ostegunetik igandera bitartean.

Egitarau oparoa antolatu da aurtengoan ere. Hala, zirku tradizionalaz gain, funanbulistak, magoak, antzerki-zirku-dantza ikuskizunak, zuzeneko musika, akrobaziak, txotxongiloak, bertikalak, edota laban-jaurtiketa ikuskizunak izango dira gozagai, umorez jantzitako programazio-koktel dibertigarri, zirraragarri eta txundigarria bertaratzen direnentzat.

Ostegunean, jaialdiari hasiera emanez, Errekaldeko Liburutegian, 18:00etan, Ana Apika antzerki taldeak Paperezko zirkua ikuskizuna dakar, zirkua protagonista den ipuin kontaketa. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da liburutegian.

Egitarauaren zati handiena ordea, ostiraletik igandera egingo da. Ostiralean, bi hitzordu izango dira: Garazi & Cia euskal konpainiaren eskutik lehena, Erraia antzerki-zirku-dantza ikuskizuna, 19:00etan; eta Aragoiko Capicua taldearen eskutik bigarrena,  Koselig ikuskizuna, 20:00etan. Biak ala biak, Errekalde Plazan.

Larunbatean ere, beste bi ikusgarri izango dira Errekalde Plazan: Brasiletik datorren Circo Delirio konpainiaren Dr. Friky titiriteroaren ikuskizuna, 19:00etan; eta  Vol’e  Temps andaluziar taldearen DistanS  ikuskizuna, 20:00ean.

Eta igandean, egitarauari amaiera emanez, Sarini Zirko euskal taldearen lengoaia unibertsala, poetikoa eta dibertigarria duen Txoriak txori! familientzako ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, eguerdiko 13:00etan.

Gainera aurten, Pintxo Zirko lehiaketa abiarazi dute, maiatzaren 24tik ekainaren 2ra iraungo duena.

Jarduerei buruzko informazio eguneratua eta zehatzagoa aurkitzeko: kulturabarrutik.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button