BERTSOTAN

Kanporaketa gehiago Arabako Bertsolari Txapelketan

Asteburu honetan Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatu dira.
Txapelketaren jarraipen zehatza egiten ari da elkartetik eta bidali diguten ohar zehatzean adierazten denez bertso asteburua Oionen hasi zen ostiralean, Azkenak elkartean. Bertan hirurogei bat pertsona bildu ziren. Beti lez ondo afaldu ostean, eta giro goxoan, hasi ziren bertsolariak kantuan.
Beñat Goitia gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, gorabeherak alde batera utzita, Amaia Lasaga eta Maialen Saez de Okariz hasiberriek lan txukuna egin zuten bitartean, beteranoenek eta aramaioarrek beraien papera ere ongi bete zuten, eta azkenean horrela gelditu zen sailkapena: Asier Otamendi (160 puntu), Serapio Lopez (152,5), Andere Arriolabengoa (143,5), Iker Agirre (131,5), Amaia Lasaga (126,5), Maialen Saez de Okariz (112,5).

Larunbateko hirugarren kanporaketak ere Oiongo ezaugarri antzerakoak izan zituen, afari ederra, bertako eta ingurukoen berotasuna eta saio txukuna. Ilarduiko txokoa bete-bete egin zen Unai Gomezen aginduetara aritu ziren sei bertsolariez gozatzeko. Ander Solozabalek txapelketa honetan, gaztea izan arren, gogor dagoela erakutsi zuen lehen postua eskuratuz.
Kontuak kontu horrela izan zen azken epaia: Ander Solozabal (151,5), Juan Mari Juaristi (146,5), Ruben Sanchez (144,5), Unai Mendibil (141), Josu Campo (130,5), Iñaki Tena (102).

Gauzak horrela, datorren larunbatean osatuta geldituko dira martxoak 13, 19 eta 20 finalerdiak. Lehenengo aldiz hiru finalerdi izanda, aurten inoiz baino zailagoa izango da apirilak 2ko finalean kantatzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button