LITERATURA

“Zukafukamusuka” eta “Arakistainen bidea”

Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Txalaparta argitaletxeak  Zukafukamusuka izeneko lana aurkeztu zuen. Judit Ruiz de Munain (idazlea), Patxi Zubizarreta (idazlea eta itzultzailea) eta Jokin Mitxelena (irudigilea) hirukoteak eginiko lana izan da.

Zukafukamusuka izenburua jarri diote lanari, eta argitaletxearen arabera “lana ausarta, sentsuala eta iradokorra da; egunerokotasunari itzuri egiteko antidotoa, eragozpenik gabeko plazera bilatzeko errezeta. Gizakiaren pultsiorik menderakaitzenak beldurrik gabe bizi dituzte orriotako protagonistek eta Jokin Mitxelenak bulkada indartsu horiek grabatzaile japoniarren shunga generoko marrazkiekin maisuki irudiztatu ditu. Literalki udaberriko irudi esan nahi du shunga hitzak eta udaberrian natura nolakoa den, horrelakoak dira liburu honetako testu eta irudiak, oparoak, umelak basatiak eta jostagarriak”.

Ekainaren 9an, ostiralean, 11:30ean, liburu hau eta Arakistainen bidea (Fito Rodriguez) Bilboko Liburu Azokako karpa nagusian aurkeztuko ditu Txalapartak. Azken lan horren korapiloa interesgarria da oso: “Biluzik eta dirudienez desamodioak jota. Halaxe egin zuen Sonia Arakistainek bere bizitzako azken bidaia, Londreseko bere etxearen hirugarren solairutik jauzi eginez. Ingalaterran erbesteratu baino lehen, bere aita, Luis Arakistain, Espainiako Errepublikako enbaxadore izan zen Alemanian, nazismoaren sorrera garaian, eta diplomatiko lanak utzi gabe, antifaxistentzako armak erosten lagundu zuen Frantzian, frankisten kontrako gerra piztu zenean”

Fito Rodriguezek XX. mendeko poesia surrealistaren antologia eder hau apailatu du. Orriotan hainbat idazleren lanak aurkituko dituzu, Aimé Cesaire, René Char, Joyce Mansour, Robert Rius, Jaques Prévert, Unica Zürn, Francis Martinez Picabia, André Breton edota Robert Desnos, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button