
Inoren Ero Ni taldeak kontzertuarekin hasiko dira Zarauzko Putzulo gaztetxearen zazpigarren urteurrenaren ospakizunak. Kontzertua ostegunean, urriak 25, izango da eta emanaldia ez ohikoa izango da.
Mikel Zudaire eta Blami artista plastikoen laguntza izango du laukote gipuzkoarrak Fregoli euren azken lana aurkezteko. Ikuskizun hori urriaren 28an ere aurkeztuko dute Albaceteko (Espainia) Abycine zinema jaialdian. Kontzertu berean, Orioko Can’t Explain Orioko stones taldearen kantuak ere entzuteko parada izango da.
Inoren Ero Niren kontzertu berezi horrekin batera, hainbat ekitaldi ondu dute Putzuzuloko kideek zazpi urteko ibilbide oparia ospatzeko. Batzuk aipatzearren, azaroaren 10ean Elektrogaua izango da hainbat disko jartzaileren partaidetzarekin; azaroaren 17an Zaratafest jaialdi basatiaren txanda izango da, Criatura, Necesidad de Luchar, Bar Remigio eta BAF taldeekin; eta azaroaren 24an, Action Beat ingelesak eta Colin L estatubatuarrak joko dute.
Musika emanaldiez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira, Bertso Gaua (urriak 31) eta Munstroa antzerkia (azaroak 23), besteak beste.
Egitarauaren gaineko detaile guztiak putzuzulo.net webgunean biltzen dira.



