MUSIKA

Vendettak “13 Balas” lana aurkeztu du

Skalariak taldearen errautsetatik sortutako Vendettak 13 Balas bere laugarren diskoa aurkeztu du, gaur goizean. Diskoa Baga Bigak argitaratu du, eta aurkezpen-ekitaldian parte hartu duten taldekideen aburuz, disko anitzagoa da, eta era berean, positiboagoa. Horrekin batera, taldeak telefono mugikorretarako aplikazioa bat ere ondu du, entzule guztiek lan berria debalde eskura dezaten. Era berean, euren webgunean eskura daiteke.

Javier Etxebarria (gitarra eta ahotsa), Pello Reparaz (troboia eta ahotsa), Enrikko Rubiños (bateria eta ahotsa) eta Luisillo Kalandraka (baxua eta ahotsa) musikariek parte hartu dute ekitaldian (Ruben Anton tronpetaria baino ez zen falta). Horiekin batera, Ritxi Azpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkaria ere izan da.

Diskoak ohiko ska oinarria haizatzen du, baina “punk zaleagoa” da. Horretaz gainera, bestelako estiloen zertzeladak ere erakusten ditu: reggae, funk, rumba… Soinua “irekiagoa eta errealagoa da”. Sonoritate hori lortzeko, teknikariz aldatu dute. Hala, disko berri hau taldearen zuzeneko soinuaz arduratzen den Paxkal Etxeparek grabatu du Bardozen (Lapurdi) duen estudioan.
Hitzen harira, aurrerapausoak emateko kemenarekin egin dituzte. “Positiboagoa da, aurrera egiteko gogoarekin egin da”.

Baina nobedade handiena taldeak ondu duen aplikazioa da. App horren bidez, nornahik bere diskoa deskarga ahalko du bere telefono mugikorrean. Disko berriaz gain, aurreko diskoetako kantu esanguratsuenekin egindako bilduma ere deskargatu da aplikazioan; guztia, debalde. “Filosofia aldaketa handia da, erabatekoa, potrotaraino baikeunden guztiarekin”. Aplikazio horren bidez, “mugak hautsi” nahi izan dituzte, ekonomikoak zein distantziarekin lotutakoak. “Kanpoko zale asko ditugu: Txile, Argentina, Mexiko… eta horiek zailtasunak dituzte disko fisikoa eskuratzeko”.

Kontzertuei dagokienez, bihar, Durangoko Plateruenan izango dira. Abenduaren 11tik 13ra, berriz, Suitzan izango dira, Thun, Luzern eta Zürich hirietan, hurrenez hurren. Azkenik, abenduaren 29an, Atarrabian egingo den Hatortxurock 2014 jaialdian joko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button