
Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo saioa datorren igandean, azaroaren 12an, izango da Durangoko Landako gunean, 17:00etatik aurrera, eta horrekin finalaurrekoetako lehen txanpa amaituko da.
Igandeko saioan, Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bilduko dira oholtza gainean. Durangokoa irabazten duen bertsolariak bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratuko du, eta abenduaren 2an, Iruñean izango den azken finalaurrekorako sailkatuko da. Gainera, lehen fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira bigarren txanparako; Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko saio horiek azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.



