MUSIKA

Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 26. edizioa

Bihar, irailak 11, abiatuko da Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatutako Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 26. edizioa. Gaur bertan, Sendejatik Bilborock Aretoraino, bi pisuko autobus batean egin da prentsaurrekoaren lehen partea, Educados taldearen zuzeneko kontzertu minimalistarekin. Ibilbide musikala Bilborock Aretoan amaitu da, eta bertan Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 26. edizioaren gaineko xehetasunak eman dituzte. 

Inskripzio-fasean 620 taldek eman zuten izena: 449 pop-rockekoak, 122 metalekoak eta 49 elektronika eta bestelako joeretakoak. Taldeak Euskal Herritik, Frantzia, Belgika, Bartzelona, Madril, Murtzia, Asturias, Cadiz, Kantabria, Jaen, Errioxa, Zaragoza eta Valentziatik eman zuten izena.  Horietarik musika adituek Bilborock Aretoan joko duten 38 taldeak aukeratuko dituzte.

Eta batzuk bihar bertan igoko dira oholtzara, izan ere, kontzertuetako datak honela egituratu dira: Pop-Rock sailean, irailaren 11, 12, 18 eta 25ean eta urriaren 2, 9, 16 eta 23an. Eta Metal sailean, irailaren 19an eta 26an eta urriaren 3, 10 eta 17an. Elektronikan eta bestelako joeren kategorietan zuzenean jokatuko da finala epaimahaiak aukeratutako banden artean. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta doakoak dira.

Metaleko finala 7an eta Pop-Rockekoa 8an izango dira, eta atal bakoitzeko saridunak 5.000 euro hartuko ditu. Bestelako Joeren finala azaroaren 6an izango da eta irabazleak 2.200 euro hartuko ditu. Pop-Rock eta Metalen bigarrenak 2.500 euro irabaziko ditu eta hirugarrenak 1.200 euro.

Sari horiez gain, 1.100 euroko saria ere egongo da lehiaketan ustekabeko maila ona erakutsiko duen talde gaztearentzat.

Aipatu behar da web orri berria estreinatuko duela lehiaketak, eta bertan informazio guztia begiratu ahalko dela: kontzertuetako egunak, taldeen gaineko informazioa, emanaldien bideoak eta abar. Gainera, abestiak entzun ahal izango dira, eta streaming bidez azaroko finalak ere ikusi ahalko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button