
Urtarrilean Zinemako Emakume Heroiak zikloaren azken emanaldiak izango dira Iruñeko Iturrama eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Maria Castejonek koordinatutako zikloa da hori. Proiekzioak Iturramako Civivoxean izaten dira astelehenetan, eta astearteetan, Sanduzelaiko Civivoxean.
Antolatzaileen esanetan, “guganaino iristen diren film gehienek desberdintasunean oinarritutako genero-estereotipo eta -rolak indartzen dituzte. Zikloan, filmen bidez, zinema beste ikuspuntu batetik ikusiko dugu, hau da, bestelako erreferente batzuen behaketa eta haien gaineko elkarrizketa ahalbidetuko dizkigu, emakumezkoen film-unibertsoaren aberasgarri.”
Abenduan, Amerrika (Amreeka) (AEB. 2009) Cherien Davis zuzendariarena, eta Out of Africa Sydney Pollack-ena pantailaratu ziren. Gaur berton, urtarrilak 10, Iturraman, Graig Gillespie zinemagilearen I, Tonya (AEB. 2017) filma ikusteko aukera egongo da. Tonya Harding 80ko hamarkadaren bukaerako patinatzailerik ospetsuenetako bat izan zen. Gizarte klase apalenetan jaio eta hazia, amaren indarkeriari egin beharko dio hasieran aurre, eta gero, bikotekidearenari. 1994an, Nancy Kerrigani egin zioten eraso, hau da, Tonyaren Neguko Joko Olinpiarretako aurkari nagusiari, eta Tonyaren inguruko jendea susmopean dago. Handik aitzina, bere bizitza betirako aldatuko da.
Datorren astean, hilak 18, Sanduzelaiko Civivoxean antolatu da azken emanaldia film horren bidez.