
Taupa Euskaltzaleen Mugimendua elkartearekin lankidetzan antolatzen den Harrapazank ekimena 10 eta 16 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta gazteen aisialdiko espazioetan eta denboran euskararen erabilera sustatzea du helburu.
Aurten, programak 20 urte beteko ditu, eta nobedadez beteta dator. Jarduerak martxotik maiatzera arte izango dira, eta parte hartu nahi dutenek otsailaren 17tik martxoaren 3ra bitartean eman ahal izango dute izena, www.harrapazank.eus webgunearen bidez.
Harrapazank programaren aurtengo eskaintzan Klikazank dago, non 10 eta 16 urte arteko gazteek bideojokoen munduan murgiltzeko aukera izango duten. Eszena programa honetan, 10-16 urteko Bilboko gazteek euren talentua erakusteko aukera izango dute. Lehiaketaren finala maiatzaren 24an izango da, Bilborock aretoan.
Aurtengo berritasun nagusia Harrapazank irteerak dira. Bilboko gazteek 4 irteera egiteko aukera izango dute martxotik maiatzera, domeketan, ingurune naturalean eta taldean esperientzia ahaztezinak bizitzeko, Armintzako mendian orientazioa praktikan jarriz, Urdulizko Santa Marinako haitzetan eskalada eginez, Barrikan arku-tiroa eginez, eta Armintzan urperaketak eginez.



