
Zinemastea, Gasteizko Euskal Zinemaren Astea da, eta aurten bere 41. edizioa egingo da urtarrilaren 24tik 31ra arte, Vital Fundazioan. Hainbat film ikusi ostean, amaiera ekitaldian (otsailaren 1ean) sari banaketa egingo da, Gasteizko Europa Jauregian. Aurten, Zinemasteak sari berezia emango dio, aurrenekoz, euskal zinemaren ekoizpenari laguntzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde nahiz eragile bati.
Aurtengo Zinemastean bederatzi film izango dira ikusgai, egunean bat (19:30ean), larunbatean, urtarrilaren 25ean, izan ezik, saio bikoitza izango baita (16:45ean eta 19:30ean). Zinemasteak bost kategoria ofizial ditu: film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena, interpretazio nagusi onena eta aktore-taldeko interpretazio onena. Sari-multzoa osatzeko, ikusleek film onenari ematen dioten saria eta Vital Fundazioak zinemarekin zerikusia duten arabar irudiak saritzen dituen Gutako Bat saria ere badaude.
Diogun moduan, lehen saioa urtarrilaren 24an izango da Pablo Hernandok zuzenduriko Una ballena lanarekin. Hurrengo egunean, El bus de la vida (Ibon Cormenzana) eta Deviant (Daniel M. Caneiro) filmak pantailaratuko dira. Igandean, hilak 26, Andrea Jaurrieta zuzendariaren Nina filma ikusteko parada egongo da.
Datorren asteko astelehenean euskarazko film bat izango da protagonista: Azken erromantikoak (David Perez Sañudo).
Urtarrilaren 28an, Soy Nevenka (Iciar Bollain) ikusiko da pantaila handian; 29an, La infiltrada (Arantxa Echevarría); 30ean, Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi), eta urtarrilaren 31n, Daniela forever (Nacho Vigalondo).



