
Gaurtik 10era Zine arraroa izeneko topaketaren bigarren edizioa burutuko da Artelekun. Proiekzioak, hitzaldiak, tailerrak… izango dira MAPA kolektiboak bigarren urtez antolatzen duen ziklo honetan.
Klasifikaezinak, ikusteko zailak edo deserosoak edo modu periferikoan ekoizten diren ikus-entzunezkoak pantailaratuko dituzte.
Hau guztia, honako galderei erantzun bat bilatzeko: Zer ari da gertatzen gaur egungo zinean? Zineaz hitz egiten jarrai dezakegu? Non, nork, nola eta zergatik irudi eta soinu gehiago?
Zer ari da pasatzen zinema/ikus- entzunezko garaikidean? Generorik gabeko filmak, amaiera gabeak, ausartak, eskuekin eginak, mugikorrarekin, kamerarik gabe, koloretan, kolorerik gabe, zeluloide gainean pintatuak, punkiak, ikusezinak, mutuak, musikalak. Filma izateko beldurrik ez duten filmak: arraroak, ez hain arraroak, txikiak, izugarriak eta sailka ezinak.
Egiten hastea da lema, esperimentatu, ekoizpenaren mugak inportatu gabe, ezta amaiera borobilak ere.
Bost egunetan proiekzioak eta hitzaldiak, oinarrizko galdera baten inguruan: Zer da hau? Hau filma bat da.
Gaur, ekainak 6, Oliver Laxe eta Todos vós sodes capitáns film luzea. Asteartean, ekainak 7, Garbiñe Ortegaren hitzaldia. Asteazkenean, ekainak 8, Yosigo eta Jon Uriarteren mini-tailer praktikoa. Ostegunean, ekainak 9, Miguel Aparicioren jardunaldi-lantegi bat. Ostiralean, ekainak 10, Jonas trueba eta Nacho Vegasen elkarrizketa-kontzertua egongo da.
Zer-non zehazki jakiteko Artelekun begiratu beharko duzue.



