LITERATURA

Tene Mujika Saria Kattalin Minerrek irabazi du

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika Saria, Euskal Herriko historia hurbilaz ez-fikziozko proiektuak saritzeko. Oraingo honetan, Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika Saria, transexualitateari buruzko proiektu batekin.

Kattalin Miner kazetari hernaniarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, duela hamar urte bere burua hil zuen gazte transexual baten historia eta kasu hark izandako ondorioak aztertzeko egitasmo batekin. “Amaia-Aimar Elosegi hernaniar transexualak bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta, hamar urteren buruan, haren lagun Minerrek zenbait galdera egin nahi ditu: nor zen Amaia-Aimar? Zer utzi nahi izan zuen ondorengoentzat? Nola oroitzen da, oroitzen bada, gertakari hura? Nola aldatu da, aldatu bada, transexualekiko ikuspegia hamar urte hauetan? Zein leku eman diogu gure memoria intimo eta kolektiboan gertakari hari?”

Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak saritu du Minerren lana. Urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, eta gero liburu gisa argitaratuko da.

Kattalin Miner Hernanin sortu zen 1988an. Berea da Nola heldu naiz ni honaino (Igartza Saria irabazitakoa).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button