BERTSOTAN

Zientzia eta bertsolaritza loturik Bidebarrieta Kulturgunean

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan, Jakinduriek mundue erreko dau! izenburupean, bertsogintza eta zientzia lotuko ditu bihar, abenduaren 1ean, 18:30ean hasiko den jardunaldian.

Jakinduriek mundue erreko dau! ekitaldiak itxuraz urrun dauden bi diziplina uztartzen ditu: zientzia eta bertsolaritza. Hala ere, “biak eszenatoki berdinera igoko dira, haien arteko muga gaindituz, zientzia kontatu eta kantatzen duen funtzio berezia eskaintzeko publikoari.”

Kike Amonarriz soziolinguista izango da ekitaldi honetako aurkezlea. Amonarrizekin batera mikrofono aurrean Andoni Egaña eta Onintza Enbeitia bertsolariak, Xabier Artaetxebarria ingeniaria, Miren Basaras mikrobiologoa eta Josu Lopez-Gazpio kimikaria izango dira.

Ekimena honela garatuko da: zientzialari bakoitzak 10 minutuko hitzaldia eskainiko du euskaraz, eta labur-labur eta modu atseginean azalduko dituzte zenbait kontzeptu zientifiko: portaera altruista naturan, One Health (osasun bakarra) ikuspegia gaixotasunei aurre egiteko, eta puzkerren analisi kimikoa, hurrenez hurren. Hitzaldi bakoitzaren ondoren, Amonarrizek gai bat proposatuko du, bertsolariek irudimena askatu eta bertsotan inprobisatzeko aukera izan dezaten.

Sarrera doakoa eta librea da leku guztiak bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button