
Euskadiko Filmategiaren 2025eko Klasikoak zikloaren barruan, gaur berton, hilak 12, euskarazko bi film interesgarri ikusteko aukera egongo da Donostiako Tabakaleran: Zergatik panpox eta Oraingoz izen gabe. Filmok Donibane Lohizunen, Bilbon eta Gasteizen ere pantailaratu dira.
Arantxa Urretabizkaiaren eleberri homonimoan (Zergatik panpox) oinarrituta dago filma, eta seme bat duen hogeita hamar urteko emakume ezkondu baten bizimodua kontatzen du. Protagonistak hausnartu egiten du: zergatik utziko zuen senarrak, Txemak, bakarrik semearekin? Barne-bakarrizketen bitartez, hainbat gai aztertzen ditu; besteak beste, amatasuna, bakardadea eta 70eko hamarkadaren amaierako euskal gizartean nagusitzen zen eguneroko bizitza.
Oraingoz izen gabe filmak honako hau kontatzen du: Manuel lasai bizi da Ramon anaiarekin, baina prostituta bat, Esther, agertzen da eta dena aldatzen du. Estherrek tentsioak eta gatazkak sorrarazten ditu anaien artean, eta amaiera zoritxarrekoa da. Filmak landa-inguruneko familia-harremanak eta emozio erreprimituak aztertzen ditu.



