ARTEA

Zeramika garaikidearen inguruko tailerrak, BilbaoArten

BilbaoArtek La enredadera. Materialidades cerámicas contemporáneas izenburuko tailer-ziklo bat hartuko du uztailaren 21etik 30era bitartean, zazpi artisten parte-hartzearekin: Raquel Asensi, Lucia Diaz Barrales, Raisa Alava, Rut Moreta Martin, Ane Takitto, Saray Perez Castilla eta Maite Leyun.

“Zeramikak gaur egun prozesu artistikoetan duen presentzia gorabidean dago, eta tokian tokiko testuinguruan material horrekin jolastu, tentatu eta ikertzen duten hainbat artista daude”. Horren ondorioz, zeramikarekin lotura duten artistek hainbat tailer labur zuzenduko dituzte, publiko orokorrak bere prozesuak hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dezan.

“Beste teknologia batzuekin lotutako zeramika-tresnak, ikusizko kulturarekin duten harremana, ukimena berreskuratzea eta garatzea babesleku gisa, buztinari lotutako figurak eta erritualak sortzea, edo zeramika laborategi eta gorputz-hedapen gisa moduko gaiak landuko ditugu. Pieza eta aztarna batzuk iragankorrak izango dira, beste batzuk lehen eta bigarren sutara eramango ditugu. Jardunaldien amaieran, jardunaldi eta tailerretan partekatutako prozesuen eta emaitzen lagin bat emango dugu.”

Tailerrak burutu eta gero, abuztuaren 5ean, bertako Kristalezko Patioan, tailerretan egindako lanak aurkeztuko dira, Raquel Asensik (Artista Ceramista Cíborg) koordinatuta, tailerretako parte-hartzaileekin batera, eta mostra hori hurrengo astean izango da ikusgai, abuztuaren 12ra arte.

Jarduera hau BAGI! Bilbao Arte Irekia programaren barruan dago. Euskadiko eta Euskal Herriko arte garaikideari buruzko prestakuntza, hausnarketa, ekintza eta kritika programa, Bilboko Udalak sustatua, Bilbao Aurrera 2021 Ezohiko Planaren esparruan

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button