ARTEA

Natura eta gizakia, Fernando Villenaren lanetan

Fernando Villenak (Bilbo, 1974) erakusketa paratu du Bilboko Rekalde aretoan apirilaren 14a bitarte. Erakusketa barriek programaren baitan aurkeztu da, eta bilbotarrak azken lau urteotan Amerikako Estatu Batuak eta Europa artean eginiko argazkiak eta margolanak biltzen ditu, eta gizakiaren eta naturaren arteko harremana du ardatz.

“Margolaria ohituta dago koloreak, formak eta tamainak sailkatzen. Naturatik ibiltzean izan dituen iritziak ondo islatuta geratzen dira estudioan margotzen dituen margolanetan”, dio Bianca Visser-ek erakusketaren harira egindako testuan. Naturatik jasotako tinduak irudikatzeko kolore primarioak bikain nahasten ditu, zuria eta beltza ahaztu gabe. Aurretik fabrikatutako pigmentuak ere erabiltzen ditu, esaterako urre-kolorea.

Natura da bere lanetan protagonista, ardatza, aztergaia: basamortua, oihan tropikalak, zuhaitzak, mendiak… naturak dagokigun tokian jartzen baikaitu. “Beti dago espazioa antolatzen duen mendi, zuhaitz edo kaktus bat. Mendien siluetek gogora ekartzen dizkigute berak batzuetan norabide bertikalean jartzen dituen zerrendak. Egunsentiak, forma harkaiztsuak eta elur-malutak, osagai horiek guztiak agertzen dira lanean”

Villena Arte Ederretan lizentziatu zen 2001ean, eta gero, New Yorkeko School of Visual Arts eskolan osatu zuen bere prestakuntza. Hainbat erakusketa egin ditu, banakakoa eta kolektiboak, hemen eta nazioartean, batzuk aipatzearren, Andy Warhol Foundation for the Visual Arts-ek bultzatuta Central Utah Art Center-en (AEB, 2011) egindako banakako erakusketa, eta Arco-n (Madril, 2005-2009) eta School of Visual Arts (NY, 2002) eskolan egindako taldeko erakusketak. Bere lana hainbat erakunderen bildumatan dago jasota.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button