
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literaturarekin XXI. mendean zikloari ekingo dio berriro gaur, hilak 18, Zer behar dugu euskal literatura berritzeko? izenburupeko euskarazko saioarekin.
Oraingo honetan Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleek hartuko dute parte topaketan, Goizalde Landabaso kazetari eta egileak moderatuta. Hitzordua 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.
Gai horretaz eztabaidatzeko hainbat ikuspegi kontuan hartuko dituzte: irakurleena, argitaletxeena edo idazle belaunaldi berriena.
Harkaitz Cano Euskal Herrian dugun idazlerik onenetakoa da. Bereak dira Beti oporretan (2015) Fakirraren ahotsa (2018) edo Twist (2011) eleberriak. 2014an, Euskadi Saria irabazi zuen haur eta gazte literaturaren arloan, Orkestra lurtarra lanarengatik, eta Euskadi Literatura Saria 2005ean eta 2012an, Belarraren ahoa, eta Twist liburuekin, hurrenez hurren. Poemario gogoangarriak, antzerki lanak, prosazko bestelako obrak eta sailkaezinak diren makina bat artefaktu literarioa sortu ditu, beti ere maisutasunez.
Irati Jimenez haur-literaturan, helduentzako narratiban, kontakizunean eta antzerkian jardun du. Bere ibilbidean zehar hainbat sari irabazi ditu, hala nola Eleberri Laburreko Agustin Zubikarai saria, Euskarazko Ipuin Onenaren Donostia Hiriko Kutxa saria eta Literaturako Igartzako akzesita, Nora nobela ederrarengatik. 2020an, XXI. Miguel de Unamuno euskarazko saria, Ogia eta zirkua lanarengatik irabazi zuen, eta 2022an, Saiakera kategoriako Euskadi Literatura saria jaso zuen, Begiak zabalduko zaizkizue lanarengatik.