MUSIKA

Zea Mays taldeak Getxon eskainiko du kontzertua, bihar

Zea Maysek Atera disko berriko kantuak haizatuko ditu larunbatean, hilak 27, Getxoko Muxikebarri aretoan, 19:00etan hasita.

Aurkezpenik behar ez duen Zea Mays euskal talde beteranoak estudioko bederatzigarrena baina hamargarren zenbakia borobiltzen duen diskoa aurkeztu zuen 2019an. 11 kantuz osatzen da Atera izenburuko lan berria, “barneko dena atera nahi izan dugulako, barrenak hustu eta barnean dugun dena-dena zentzu baikor batetik kanporatu eta partekatzearen beharra genuelako”, azaltzen zuen Aiora Renteria taldeko abeslariak. 11 kantu horietatik 10 dira berriak.
Garden Records euren zigiluarekin autoekoiztutako lana bada ere, disko honetan Campi Campón izan dute lagun ekoizle lanetan, Vetusta Morla edota Jorge Drexler-ekin lan egin duen ekoizlea, eta bere ibilbide profesionalean 5 latin Grammy dituena. Gainera, New Yorken nahastu zuen lana Hector Castillo teknikariak, David Bowie, Björk, Rufus Wainwright, Philip Glass bezalako banden nahasketa lanak egin dituena.

Berrikuntza bezala, kantuen melodiak  sortzeko, oraingoan, sintetizadore bat erabili dute.  Hala, euren hastapenetan bezala, lokalean sartu eta sintetizadorea oinarri melodiko gisara erabiliz egin dute sormen lan hori, eta azken emaitzan, euren betiko estiloa eta kutsua hartu duela argitu dute. “Disko honek, aurreko diskoak baino estilo gogorrago bat hartu du musikari dagokionez eta Zea Mays taldearen arima ikusten zaio”, gaineratu dute.

Orain kanta eder horiek (eta beste batzuk) entzuteko parada izango da Getxon.

Kontzertuen eta disko berriaren xehetasun guztiak dituzue Zea Mays taldeak duen webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button