
Atzo banatu ziren Euskaltzaindiak antolatzen dituen 2020ko Resurrección María Azkue Literatura sariak.
Euskaltzaindiak bultzatzen duen lehiaketa horren helburua gazteen artean euskarazko literaturaren harra piztea da, eta jardun horretan aritu da Akademia (BBKren laguntzarekin) 1991etik.
Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Aurten, guztira 353 partaide aurkeztu dira, eta epaileek azpimarratu dutenez, lan sakonak eta ausartak aurkeztu dira honako edizioan, “eskola-jazarpenak eta antzekoek atzera egin, eta esan daiteke bizitza, itxaropena, etorkizuna… nagusitu direla eskuartean erabili ditugun idatzietan”. Hortaz, bizitza kontatzeko grina sumatu dute partaideengan.
A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Maria Illarramendi -narrazioan- eta Irati Hierro -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Iker Niño izan da irabazlea narrazioan eta Uxue Armental poesian. Halaber, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea (150 lan).
Nabarmendu diren idazle gazteak Azpeitia, Oiartzun, Baiona, Gernika, Pasai Donibane, Usurbil, Beasain eta Loiukoak izan dira aurten.