ARTEA

Zaurgarritasunaz

Azaroaren 15era arte, Iruñeko  Ziudadelako Bolborategiak Diana Iniesta artistaren Zaurgarria izeneko erakusketa bisitatu ahalko da. Guztira 45 olio-pintura jarri dira ikusgai, eta denetarik plasmatu du artistak: erretratua eta figura, bodegoia eta paisaia, eta abar.

Erakusketak bost sailetan banatu ditu artistak:  Beldurrari buruz: Stree Life 2020 (Iniestak New Yorken oharkabean egin zituen argazki batzuk dira abiapuntu, gero olio-pinturarekin interpretatu zituenak); Emoziorik gabe, figuraziorik ez sailak (pintatutako erretratu eta figuren sorta bat jasotzen du); Etxeari eta Bihotzari buruz eta Insomnia (paisaien edertasuna, eta pertsonen eguneroko bizitzen sinbolikotasuna) ; eta azkeneko saila Loreei eta sagarrei buruz (konfinamenduan sortu zuen Erratzuko bere lantegian, eta bertan artistak bodegoi atmosferikoak aurkezten ditu, oso abstraktuak, beti naturaletik pintatuak eta eragin flamenko handikoak).

Artistak pintura ikasketak burutu zituen Sabadellen, eta gero Bartzelonan. Ondoren, Bidasoako eskolan, bereziki, Jose Maria Apezetxearekin. Eta 2012tik aurrera, Diana Iniesta Manhattanerako bidaiak egiten hasi zen, erretratuan espezializatzeko The Art Students League-en.
Hogei erakusketa kolektibo baino gehiago egin ditu, eta beste horrenbeste bakarka, Espainian, Frantzian eta Estatu Batuetan. Iniestaren obra zenbait herrialdetako bilduma pribatu zein publikoetan dago, tartean Nafarroako Gobernuarenean eta Baztango Udalarenean. Iniestak pintura-eskolak eskaintzen ditu bere lantegian, eta Arte-oporrak Baztanen proiektuaren barruan, lau eguneko ikastaro trinkoak antolatzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button