ARTEA

“Barrualdea” olerki eta margoak erakusketa

Apirilaren 16tik 30era, Amotz-Senpereko Larraldea baserrian, Maite Toledok eta Jone Telleriak Barrualdeak bildumako olerki eta margoak, ikusentzunezko labur bat eta hiru koadernotxo jarriko dituzte ikusgai.

Maitek berak hala azaldu digu zertan den proiektu eder hau: “40 lanek, ikus-entzunezko batek eta hiru koadernotxok osatzen dute Barrualdeak bilduma, eta ikusgai jarri dugun lehenengo aldia da. Arteak duen kontatzeko gaitasuna aldarrikatzen dugu. Hori dela eta, bizitzako ibilbide bat partekatu nahi izan dugu errealitatean oinarritutako olerki, argazki, marrazki eta margoen bidez. Logikaren, emozioaren eta materiaren hatsak uztartuz, bizipenen sintesi bat eratu dugu.
Alabaina, bukatu gabeko lanak dira; izan ere, istorio ireki eta iradokitzaileak proposatzen ditugu. Hitza, irudiak, marrazkiak, etika eta estetika bidaide, giza eta gizarte barrualdeetan nahiz barrualde geografikoetan higituko da bisitaria. Bidaia horretan maitasunak, indarrak, traizioak, samurtasunak, adiskidetasunak, desherriak, erotismoak edota politikak utzitako zantzuek inarrosiko dute ikuslea. Hala, bidaia intimista eta introspektibo batean barneratuko da, eta ezarian-ezarian mosaiko bat osatuko.”
Apirilaren 16an, larunbata, inaugurazioa egingo da 18:00etan.

Maite Toledo Saralegi (Zaldibia-Antzuola, 1966), Euskal Idazleen Elkarteko kide da.  Lietraturarekin harreman zuzen gorde du beti: Ametsaren aro berria komiki-liburua argitaratu zuen 2005ean. Iazko udaberrian (2010), formatu digitalean argitaratu zuen, gaztelaniara, frantsesera, portugesera eta ingelesera itzulia. Arlo desberdinak jorratu ditu literaturan eta kazetaritzan: poesia, bidaia-kronika, ipuina, narrazioa, gidoiak eta iritzi-zutabeak. Idazlanak argitara eman ditut Arrasate Pressen, Berrigaran, Goienkarian, Berrian, Ortzadarren, Hatsan, Linterna gorrian eta Nontzeberri kultur atarian. Sari dezenteren jabe da.

Jone Telleria Olalde (Bergara, 1976). BEARTeko (Bergarako Artisten Elkartea) txoko batean duen lantegian jarduten da margotzen.  Bergarako Nahikari tabernan erakutsi zituen bere lanak estreinakoz. Bakarkako lehen erakusketa ere hantxe izan zen. Geroztik, herriko, bailarako nahiz euskal hiriguneetako taberna eta kultura-etxeetan erakutsi ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button