Xabier Lizardi Literatura Sariak haur eta gaztetxoentzako literatura sustatu nahi du. Aurtengo edizioa haur literatura saria izango da, 7-12 urte arteko irakurleei zuzendutakoa. Iazko edizioa irabazlerik gabe uztea erabaki zuen epaimahaiak, aurkeztutako lanek sariketak urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez zutelako.
Lanak jatorriz euskaraz idatziak izan behar dute, originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak. Partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu dezake, eta irabazleak 5.500 euro jasoko ditu.
Lanak izengoitiz sinatuko dira. Aparteko gutun-azal itxi baten barruan adieraziko dira: izengoitia, izen-abizenak, helbidea, eposta eta telefonoa. Ziurtatutako gutuna helbide honetara helaraziko da: Lizardi Saria. Zarauzko Udala – Kultura Departamentua. Sanz-Enea Kultur Etxea. Nafarroa Kalea 22 – 20800 Zarautz.
Lanak uztailaren 14a bitartean aurkeztu daitezke, bai posta bidez, baita posta elektronikoz ere, oinarrietan aipatzen diren baldintzen arabera, betiere. Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia: Yolanda Arrieta, Nerea Loiola eta Amaia Serrano.
Epaia irailaren 27an jakinaraziko da.