
Hika Teatroak sortutako Zorretan antzezlanak Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XXV. Donostia Antzerki Saria lortu du. Epaimahaiaren iritziz oso modu egokian daude trataturik bertako gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua…
Hika Teatroak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal artistaren eskultura jasoko dituzte sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian.
Baina egunotan, bihar zehazki, hilak 6, Gasteizko Jesús Ibáñez de Matauco Antzokian pieza hori ikusteko aukera izango duzue. Hauxe duzue lanaren korapiloa: “Emakumea eta gizona bikote dira aspalditik. Gaur emakumea aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta beraiekin bizitzera datorrela ulertu dio. Uste du hori dela bere egonezinaren arrazoi eta etxera iristean, gizonari kontuak eskatzen hasiko zaio. Hau ere ez dago bere onenean, ordea. Egun handietarako erabiltzen duen gorbata berdea aurkitzen saiatzen ari da eta urduri dago. Are urduriago emakumeak berea den pijama soinean duela jantzita ikustean. Joan egin behar du, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen. Emakumeak, ez du nahi eta uko egiten dio hori horrela izateari. Nahiago lur azpian bizi azal lodiko sator bihurtuta amarekin baino”.