LITERATURA

Katixa Agirrek bere lehen nobela kaleratu du, “Atertu arte itxaron”

Katixa Agirre idazle gasteiztarrak Atertu arte itxaron (Elkar) izeneko lana aurkeztu zuen atzo, Bilbon, Xabier Mendigurenekin batera, zeinak mintzatzen hasi orduko “nobela handi eta on-on bat dela” azpimarratu zuen.

Liburuan gatazka da hari eta gai nagusia. Hortaz, orriotan barneratu ahala, Euskal Herrian zehar bikote batek kotxez egindako bidaia baten kronika edota kontakizuna topatuko du irakurleak. Bidaiak iraun bitartean bikoteak aukera izango du hainbat gai jorratzeko, tartean harreman bera, gerra, bikotea, lehenaldia, maitasuna, edota hitz batean esanda, bizitza.

Ulia protagonistak Avilan jaio den bere bikotekideari aste biko bidaia proposatuko dio, Euskal Herriko txoko berezi askotan bisita eta geldialdiak egiteko. “Bidaia da narrazioaren formularik oinarrizkoena, eta honek tarte asko eskaintzen du hainbat gauzez mintzatzeko, izan ere, liburuan kezka bat dago: gatazka baten aurrean zer-nolako jokaera daukagun, zer egiten du bikote batek gatazka bat dagoenean”. Problema horren aurrean, muzin egitea deliberatzen dute, ia zer pasatzen den gero, tituluak berak horixe adierazten du:  Atertu arte itxaron.

Horixe da liburuaren ardatz nagusia, baina badira beste hari bi iraganeko istorioak osatzen dutenak. Bata da Benjamin Britten konpositore ingelesaren istorioa. Gizon hori, II. Mundu Gerran bakezale eta kontzientzia-eragozlea izan zen eta mespretxu eta kritika ugari jaso zituen. Azken eszenatokia edota hari berezia, Ulia pertsonaiaren gurasoena da. Izan ere, protagonistaren gurasoak, Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an ezagutu zuten elkar, testuinguru berezi hartan, “gatazka politiko oso baldintzatuan”.

Pertsonaiek Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak, Bilboko kokteleriak edo Baztango baserriak bisitatu ahala, dotoreziaz konbinatuko ditu egileak solas arinak eta hainbat gairi buruzko gogoeta finak.

2010ean heldu zion Katixak literatura proiektu honi, baina denbora honetan guztian bestelako kontuak atera zaizkio bidera eta ezin izan dio eutsi berak nahi zuen bezala.

Katixa Agirre Miguelez (Gasteiz, 1981) EHUko irakaslea da. Ipuin liburu bi argitaratu ditu, Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button