MUSIKA

Viva Belgrado, Fetitxe, Madeleine eta Anteros, Donostiako Kaom Fest-en

Gaur, Kaom Fest izenburuko jaialdi-kontzertua izango da Donostiako La Cripta aretoan, 19:00etatik aurrera. Espainiako Kordoba hiriko Viva Belgrado laukoteak Ulises izenburuko lan berria aurkeztuko du, eta andaluziarrekin batera, bertoko Fetitxe, Madeleine eta Bartzelonako Anteros taldeek joko dute. Ekitaldia Gure Bazterrak agentziak ondu du.

Viva Belgrado post-rock eta screamo estiloen baitan mugitzen da, pasarte melodikoak eta oihulariak tartekatuz. 2011n egin zuten lehen emanaldia eta harrezkeroztik, 120 kontzertutik gora eman dituzte, mundu osoan zehar. Jaialdi handietan ere jo dute, tartean, Bartzelonako Primavera Sound Festival eta Viveiroko Resurrection Festival. Errusian eta Erresuma barrenan ere ibili dira aurten.

Horri guztiari andaluziarren Flores, Carne (2014) lehenengo diskoak mundu osoan izandako arrakasta gehitu behar zaio, hainbat herrialdetan argitaratua izan baita; esaterako, Japoniako Tokyo Jupiter Records diskoetxeak disko horren bigarren edizio bat plazaratu berri du.

Gurean, baina, Ulises aurkeztuko dute, Kordobakoen lan berriena. Aurrerapausoa da taldearen proposamenean, eta dagoeneko Europa osoan aurkeztu dute, bai eta diskoaren lehenengo edizioak agortu ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button