IKUS-ENTZUN

“Venus”, emakumeen sexu-intimitateei buruzko dokumentala

Zinebi jaialdiak Lea Globen eta Mette Carla Albrechtsen zinegile daniarren Venus (Danimarka / Norvegia, 2016) filma pantailaratuko du bihar, Multicine aretoetan, 20:00etatik aurrera. Filmak emakumearen sexualitateari buruzko istorioak kontatzen ditu, eta Danimarkan sekulako harrera ona izan du; txarteldegiko errekorrak hautsi ditu.

Zinebik jakinarazi duenez, “emakumeek egindako eta emakumeei zuzendutako film erotiko bat sortu aurreko ikerketa prozesua izan behar zena, filma bilakatu zen”.

Hala, filmak hainbat emakumeren sexu-testigantzak biltzen ditu, izan ere, bi elementu dira protagonista nagusiak, emakumea eta kamera, kamerak jasotzen dituen testigantza zintzoak ahaztu gabe. “Protagonistak biluztu egiten dira pixkanaka kameraren aurrean, plazerarekin eta sexuarekin duten harremanaren aitortza eta azterketa ariketan, gaur egun oraindik ere indarrean dagoen sexualitatea ulertzeko modu matxistak sortutako estereotipoak apurtuz”.

Bi zinegile gazteek casting bat egin zuten filmeko emakumeak aukeratzeko, eta 100 emakume inguru agertu ziren. “Kamerari zuzenean egin zioten berba, euren fantasia erotikoei, euren desioei eta euren frustrazioei buruz. Errodatzeak aurrera egin ahala, elkarrizketatuak gehiago ireki ziren, eta lana egituratzen hasi zen”.

Azkenik, bi zinegileak ohartu ziren testigantza-saio intimo horiek bihurtzen ari zirela filmaren muina; hortaz, buruan zeukaten aurretiko ideia alboratu, eta film berri egiteari ekin zioten, Venus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button