ESZENA

Makina bat konpainia aurtengo dFERIA jaialdian

Martxoaren 14tik 17ra bitartean dFERIA eszena jaialdi erraldoia izango da Donostian. Edizio honetako gaia Oreka izango da, eta ideia horren inguruan garatuko da hein handi batean aurtengo programazioa. Guztira 26 konpainien 26 ikuskizun programatu dira 40 emanalditan, eta horiek guztiak Donostiako hainbat antzeztokitan ikusi ahalko dira.

Programazioari erreparatuta, maila handiko ikuskizunak izango dira Donostian, tartean, Marina Oteroren Fuck Me ikuskizun probokatiboa, Vero Cendoya Konpainiaren Bogumer lan inklusiboa, Burgos-New York Nazioarteko Lehiaketan saritutako hainbat pieza, Burgos-New York Dantz izenburupean; eta Els Joglars konpainiaren ¡Que salga Aristófanes!.

Gaur berton, beste askoren artean, Kulunka Teatroak Hegoak pieza musikala eskainiko du Victoria Eugenia Antzokian. Ez da kontzertu hutsa izango, proposamen oso teatrala baita, non Lorca edo Pessoa bezalako idazleen testu laburrak ere lekua izango duten. Garbiñe Insausti, kantari eta aktorea, eta Iñaki Salvador pianojole ezaguna batu dira oraingoan Hegoak kontzertua eskaintzeko. Ikuskizuna, “bidaia musikal eta emozional bat izango da. Hegazti errarien moduan, hegoak izango ditugu lagun, beste leku, hizkuntza eta kantuetara iristeko, haiek ezagutu eta geureganatzeko asmoz. Eta baita hegoak ere, sorterrira bueltatu eta bertakoak, hemengoak, gogoratu eta maitatzeko. Laboa edo Imanolen eskutik ezagunak egin diren gure euskal kantuekin batera, Edith Piaf, Jaques Brell, edo Kurt Weill bezelako artista haundien melodiak ere bisitatuko ditugu emanaldian zehar.”

Egunez eguneko programazioa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button