IKUS-ENTZUN

Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren hurrengo edizioa bultzaka dator

Maiatzaren 3tik 9ra bitarteko astean Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro ere, FANT-aren XVI. edizioa dela eta. Egitarauak ekarriko dituen ezusteez eta berrikuntzez gain, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bere sarien oinarriak aldatu ditu, eta 3.000 euroko bi sari sartu ditu. Sari horiek laburmetraia hoberenei emango zaizkie, epaimahaiaren iritziz laburmetraiarik hoberena izan denari eta jaialdiko ikusleen ustez laburmetraiarik hoberena izan denari, hurrenez hurren.

FANT-aren azken edizioak sartu zuen jada bere FANT laburrean sekzioan Laburmetraia Hoberenarentzako Ikusleen Sari berezia, baina orain arte sari hori ohorezkoa baino ez da izan. Oraingo honetan, 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa erdibana ordainduko zaie filmaren ekoizleari eta egileari, edo bati bakarrik, ekoizlea eta egilea pertsona bera direnean. Laburmetraia hoberenaren aukeraketa FANT laburrean sekzioko saioetara doazen pertsonek egingo dute. Horrela, ikusleek, ikusi dituzten filmak baloratuko dituzte, 0tik 10era bitartean. Jasotako balorazioen batez bestekoa egin eta gero, batez besteko altuena duen laburmetraia sarituko da.

Bi sari horietarako hautagai izango dira FANT laburrean sekzioan aukeratzen eta ematen diren laburmetraia guztiak. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 30a izango da.

Aipatutako sari horiez gain, FANT-en hurrengo edizioak bere erreferentziazko sariekin jarraituko du: sekzio ofizialeko genero fantastikoko Luzemetraia Hoberenari ematen zaion Saria, filmaren egileari emango zaio, ohorezkoa izango da eta oroitzapenezko garaikur bat eramango du, eta FANTROBIA Saria, hori ere ohorezkoa, azken urteetan, zine fantastikoaren barruan, gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari edo erakundeari ematen zaiona.

MBN Comunicacion-ek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button