MUSIKA

Urko Menaiaren ahots berria euskal musikan

Imanolek, Xabier Letek, Paco Ibañezek edota George Brassensek zuten estetikatik edaten du kantautore gazte honek. Gaur aurkeztuko duen diskoa bederatzi kantuz osatuta dago, guztiak bere doinuak dira. Kantuetako hitzak Urtzi Urkizu, Montxo Cornago eta Mao Ze Dong-enak dira.
2009an grabatu zen lan hau, Luis Fernandez (biolontxeloa) eta Idoia Oteizaren laguntzaz (pianoa).

Zerbait gehiago jakin nahi izan dugu bere lanaz eta hona hemen egin dizkiogun itaunak:
Kontatu ahal diguzu zelan hasi zinen musikaren mundu honetan? Beti ibili zara era bakarrean?
Bai, beno, hasi hasi… txikitatik hasi nintzen etxean nere amonak lehenengo akordeak erakusten zizkidala. Gerora, 16 urte nituela nire lehenengo kantuak konposatzen hasi nintzen, baina oso jeloskor gorde izan ditut beti gaur arte. Idoia Oteiza pianistarekin Fanniplatz Tangoa osatu nuen bertan tangoak, euskal kantak eta zenbait abesti original jotzen genituelarik 2000 urte inguruan. Gero 2007an Idoiarekin elkartu naiz berriro neure kantak jorratzeko eta Luis Fernandez biolontxelista gehitu zaigu taldera. Nere aita, Mikel Menaiak ere kanta batean parte hartu du bere gitarrarekin.
Noiz aurkeztuko duzu lana?
Urriaren 6an, asteazkenean, 12:00etan, Donostiako FNAC-en aurkeztuko da diskoa komunikabideen aurrean baina zuzenean zenbait kontzertu lotu ditugu jendaurrean eskaintzeko, hori bai hasieran Idoia gabe emango ditugu, ama izan delako orain dela aste batzuk. Kontzertuen agenda hemen duzue.  
Zein da lan berriaren izena? Nondik dator? Zer adierazi nahi izan duzu titulu horrekin?
Urko Menaia izena bera jarri diogu. Aurretikan Herri Kantak izeneko diskoa argitaratua daukat baina oraingo honetan neure kantak eskaintzen direlako.
Zer motatako testuak dira kantu bilakatu dituzunak?
Textu poetiko, onirikoak dira. Filosofia puntu batekin. Idazteko orduan fonetikari ere erreparatu izaten diot abiapuntu gisa, gero testua osatzen joaten da batzuetan gitarraren soinuaz batera, besteetan alderantziz. Horretan aipagarria ere badira Urtzi Urkizuren hitzak hiru kantetan eta Montxo Cornagoren Eferbeszentzia lanean.
Nola ikusten duzu musikaren egungo egoera?
Egia esanda egoera orokorra ez dut ulertzen. Merkatuaren bideaz eta abarrez hitz-egiteko berriegia naiz. Niri kontzertu asko eta kalitatezko dezente daudela iruditzen zait gure inguruan. Talde berri eta esanguratsuak sortzen direla iruditzen zait… Gazte asko musika ikasten ari direla….
Musikari sortzaile gisan, musika beharra da zuretzat? Ofizioa ala afizioa?
Hiruei baietz. Bakoitza bere neurrian denboraldiaren arabera.
Nola izaten da kantu baten prozesua? Bide tormentosoa izaten da?
Batzutan oso era tormentosoan atera daiteke kantua, bueltaka ideiei buruan, mobilean grabatu… hitzak egoki… besteetan era naturalean atera daiteke asko pentsatu gabe. Nola heldu egoera hauei nire erronka pertsonala da.
Grabazioa ere lan neketsua izan da?
Neketsua baino gehiago luzea. Urte osoa pasa da hasi ginenetik. Nire etxean, musikarien etxean ibili gara grabatzen, horrela pisten kontrol handiagoa izan dugu denok gustura gelditu arte. Nahasketak Juan Zulaikarekin egin nituen La Ventana Indiscreta estudioan. Hau ere sufritu nuen, zure semeari egindako ebakuntzan present egotea bezalakoa da.
Kontzertuetan zer beldurtzen zaitu? Zuzenekoak maite dituzu?
Kontzertuak asko maite ditut. Aurrera jarraitzeko bultzatzen gaituena da. Zuzenekoan edozer gauza pasa daiteke publikoarekin daukazun harreman horretan eta horrek bizigarri egiten ditu. Beldurtu? Arazo teknikoak, soinu arazoak… bidean autoa izorratzea… kable bat faltatzea…

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu